2020-07-02 11:09
Sektore publikoko behin-behinekotasun tasa handia dela eta â€' langileen ia %40k aldi baterako kontratua dauka â€', ELAk erronda bat hasiko du EAEko alderdi politikoekin, urtea amaitu baino lehen legedia aldatuko duen proposamen bat mahai gainean jartzeko eta, horrela, behin-behinekotasuna errotik murrizteko, enplegua finkatuz.

ELAk proposamen bat aurkeztuko die EAEko alderdi politikoei, sektore publikoan behin-behinekotasun tasa handia murrizteko eta 50.000 lanpostu baino gehiago finkatzeko. Sindikatuak gogorarazi duenez, enpleguari dagokionez, egoerak ezin du kezkagarriagoa izan. Europako batez bestekoa baino enplegu publikoko ratio askoz baxuagoei %40 inguruko behin-behinekotasun-tasa gehitu behar zaie, eta hori agintarien aldi baterako kontratazioaren "gehiegizko erabileraren, erabilera sistematikoaren, egiturazkoaren eta iruzurrezkoaren" ondorio zuzena da.

Pandemiak agerian utzi duenez, "langile publikoen esfortzu eta inplikazio handia gorabehera, austeritate politikek, sektore publikoaren desegiteak, murrizketek eta pribatizazioaren aldeko apustuak ondorio larriak dituzte herritarrentzat, zerbitzu publikoak indartzea premiazkoa dela argi utziz".

Gogora ekarri dutenez, krisi sanitarioan bizitza arriskuan jarri duten milaka eta milaka langilek aldi baterako kontratua dute. Sektore publikoaren behin-behinekotasuna sektore pribatuarena baino 12 puntu handiagoa da. Egoera hain da larria, ezen askok eta askok erretiroa hartzen dutenean behin-behineko kontratua duten.

Hau iraultzeko asmoz, ELAko arduradunek laster egingo dute erronda euskal alderdi politikoekin, proposamena azter dezaten, egokitzat jotzen dituzten ekarpenak egin ditzaten, proposamena bere egiten saia daitezen eta beren jarduera-eremuetan proposamen honen edukia bultza dezaten. Proposamenak honako puntu hauek biltzen ditu:

  1.  Oinarrizko legeriak administrazio publikoei ezartzen dizkien murrizketak kentzea, lanpostuen eskaintza zailtzen dutenak.
  2.  Eremu publiko osoan finkatze-prozesuak egiteko derrigortasuna, salbuespenik gabe.
  3.  Egoera hori pairatzen duten langileei lanpostua (edo enplegua) finkatzeko prozesu bermatzailea izatea.
  4.  Prozesu horiek abian jartzen ez badira, lan egindako urte bakoitzeko 45 eguneko kalte-ordaina ezartzea, administrazioek kontratuak amaitutzat jotzen dituztenean, eta, horrela, kontratazioaren behin-behinekotasunaz abusatzeak zehapen eraginkorrak dituela ziurtatzea.
  5.  Erantzukizun administratiboak eta penalak ezartzea behin-behinekotasunaz abusatzeko egoera horiek sortu dituztenei.

ELAren ustez, egungo egoeran onartezina litzateke euskal alderdi politikoek Enplegu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren, Euskal Funtzio Publikoaren Legearen eta Estatuko Aurrekontu Orokorren Legearen aldaketa babestea, aldi baterako enplegua finkatzeko mekanismo eraginkorrik jaso gabe.

Gogorarazi duenez, sindikatu hau aitzindaria izan zen auzitegietan, Osakidetza zigortzea lortu baitzuen behin-behinekotasun hori gehiegikeriaz erabiltzeagatik. Hala ere, nahiz eta hainbat auzitegik, europakoak barne, epaiak eman dituzten behin-behinekotasunaren gehiegizko eta iruzurrezko erabilera salatzeko, eta hori saihesteko neurri eraginkorrak hartu behar direla adierazi duten, gaur egun ez da neurririk hartu egoera horrekin amaitzeko; aitzitik, behin-behinekotasunaren ehunekoak gora egiten du urtero.

ELArentzat egoera hori jasanezina da. Hori dela eta, sozializazio-kanpaina bat abiaraziko du, proposamen horri egindako ekarpenak jasotzeko eta mobilizazioa bultzatzeko, euskal erakundeak behartzeko, behingoz, sektore publikoko aldi baterako milaka langile finkatzera eta aldi baterako kontratazioaren "gehiegizko erabilera" baztertzera.

 

 

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.