2020-04-12 10:59
Erantzukizun falta larria dela iritzita, ELAk salaketa jarri du, egoera horri premiazko konponbidea emateko beharrezkoak diren neurri guztiak lehenbailehen aktiba daitezen. Ez ditu baztertu langileen eta erabiltzaileen osasuna bermatzeko beste neurri judizial batzuk.

Alarma-egoera hasi zenetik, ez Udalak ez Urgatzik, zerbitzua eskaintzeaz arduratzen den azpikontratatutako enpresak, ez dute sektoreko langileen osasuna bermatzen, ezta artatzen dituzten pertsonena ere. Langileak zein erabiltzaileak babesik gabe daude, Covid-19 kasuen aurrean beren osasuna babesteko neurriak eta norbera babesteko ekipamenduak ez direlako iristen edo nahikoak ez direlako. Lan Ikuskaritzan salaketa jarri ondoren, eta egoerak atzera egiten ez badu, ELAk langileen eta erabiltzaileen osasuna bermatzeko komenigarriak diren neurri judizial guztiak baloratuko ditu.

Santurtziko (Bizkaia) Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuan ez dago bermatuta laguntzaileen eta erabiltzaileen segurtasuna. Izan ere, koronabirusaren krisi betean, egoera kritikoa da kolektibo horrentzat: beharrezko materiala falta da (maskarak, betaurrekoak, erabili eta botatzeko mantalak, eskularruak, etab.), ikuskapenak eta testa, besteak beste. Hala salatu du ELAk Lan Ikuskaritzaren aurrean, eta bertan protokoloak ez direla modu egokian aktibatzen ari gaineratu du. Egoera hori, diotenez, arduragabekeria larria da, eta kalte konponezinak eragin ditzake bizitzan, ez soilik emakume langileengan, baita zerbitzuaren erabiltzaile eta haien familiengan  ere.

ELAk bi urte baino gehiago daramatza borrokan zaintza-sistemaren barruan funtsezko lana egiten duen kolektibo horrentzat baldintza duinak lortzeko. Sektore honen aldarrikapen nagusietako bat etxeko laguntzaileen osasuna eta segurtasuna bermatzea da. Izan ere, ELAk askotan eskatu du zerbitzuaren erabiltzaileen eta langileen osasuna bermatzeko mekanismo egokiak aktibatzeko, hala nola, laguntzaileak beren zerbitzuak eman ahal izateko beharrezkoak diren norbera babesteko ekipamenduez hornitzeko, osasuna arriskuan jarri gabe.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.