2018-05-25 12:10
Hezkuntzan lorturiko akordioak eta Osakidetzaren EPEa “adabakiak” baino ez dira; horrela ez da konponduko gure herriko enplegu publikoaren egiturazko arazoa. Eusko Jaurlaritzak propaganda egiten du EPEkin, baina haien bidez ez dira plantillak ugalduko. Are gehiago, krisia eta gero nabarmen murriztu dituzte. Gainera, kasu askotan, sektore publikoan urteetan lan egin duten langileek, lan hori egiteko gaitasuna sobera frogatu dutenek, lanpostua galtzen dute EPE horien ondorioz.

ELAk salatzen duenez, euskal enplegu publikoaren egoera gero eta prekarioagoa da. Krisiaren aitzakiapean gure agintariek suntsitu dituzten 23.000 lanpostuen arazoari behin-behineko kontratazioaren arazoa gehitu behar zaio; izan ere, 10 langiletik 4 behin-behinekoak baitira, eta horietako asko egoera irregularrean eta iruzurrezkoan daude. Gaur argi esan dezakegu behin-behinekotasunaren tasak eta iruzurra handiagoak direla sektore publikoan, pribatuan baino.

Jaurlaritzak eta sindikatuek Hezkuntzan edo Osakidetzan lorturiko akordioak, ELAk gaitzetsi dituenak, adabakiak baino ez dira, eta ez dute enplegu publikoaren arazo larria konponduko, egiturazkoa baita. Akordioak eta guzti, behin-behinekotasunaren tasa %38koa izango da Osakidetzan, eta %30 eta %60 bitartekoa Hezkuntzaren sektoreetan.

Eusko Jaurlaritzak propaganda egiten du EPEekin, baina haien bidez ez dira plantillak ugalduko, eta krisia eta gero nabarmen murriztuta daude. Gainera, kasu askotan sektore publikoan urtetan lan egin duten langileek, lan hori egiteko gaitasuna sobera frogatu dutenek, EPE horien ondorioz lanpostua galtzen dute.

ELAk jarraituko du herri-langileak antolatuz eta mobilizaziora deituz, ea behingoz enplegu publikoaren egiturazko arazo orokorrari konponbideak bilatzen zaizkion: suntsituriko publikoa berreskuratuz, gehiengo sindikalarekin adostu beharreko prozesuen bidez erretiratzekotan dauden milaka langileen postuetan langile berriak birjarriz, eta plantillen ia herena diren behin-behineko langileen enplegua finkatuz.

 

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.