2018-10-19 10:32
Irregulartasun eta injustiziak bata bestearen atzetik gertatu dira eta prozesua asko luzatu da; hau noski Iñigo Cabacasen senideen samina areagotzen ari da. ELAk une hain gogorretan bere zinezko dolumina eta elkartasuna adierazi nahi die.

Iñigo Cabacasen heriotzaren inguruan aste honetan hasi den epaiketa dela eta ELAk honako hausnarketa egin nahi du:

1. Kasuaren instrukzioak agerian utzi du hainbat irregulartasun oso larri; hauek islatzen dute polizia-eredua berrikusi eta zeharo aldatu beharra dagoela. Kontuak emateko mekanismoek hutsegin dute, hala aginte-katean nola erakunde errepresentatiboekiko -Legebiltzarra- nahiz Arartekoaren moduko erakunde independenteekiko. Autoak erakusten du indarra modu arduragabean erabili zela, operatiboa zein baldintzatan garatu zen aintzat hartu gabe. Halaber, agerian geratu da erabilitako armen gaineko kontrolik ez zegoela, eta ertzainak ez zeudela behar bezala prestatuta. Nabarmen geratu da ere ertzainei diskrezionaltasuna alde batera uzteko agintzen zaiela, hots, aginduak txintik esan gabe betetzeko. Exekutiboko arduradunek erantzukizun garrantzitsuak saihestu egin zituzten. Zorigaiztoko operatiboaren burua mailaz igo zuten. Fiskaltzak ez du behar adinako lanik egin, EAEko fiskalburu izan zenak itxuraz iradoki zuenez. Hau guztia aipatuta esan nahi dugu ELAren ustez Iñigo Cabacasen heriotza ez dela istripu bat; aitzitik, zoritxarrez, jardunbide polizial jakin baten muturreko ondorioa izan zen, zeinak argitara atera duen polizia-eredu honek aldaketa sakonak behar dituela.

2. ELAren iritziz ahozko auzi-saioan gertakariak eta ardura penalak argitu behar dira. Bestalde, gogoratu nahi dugu auziperatuta egon beharko luketen guztiak ez daudela aulkian eserita: prozedura penala bete-betean kateko mailarik apalenei ari zaizkie ezartzen. Iñigo Cabacasen heriotzaren arduradun polizial eta politikoak ez dira akusatuen artean egongo. Hain zuzen, gogora ekarri behar da hasieratik ELAk galdegin zuela gau hartan gertatu zen guztia sakon iker zedila, eta maila guztietako ardurak argitu behar zirela, baita politikoak ere. Orduan esan genuen, eta gaur berretsi egiten dugu, jendarte guztiak, baina batez ere familiak, eskubidea duela gertatu zenari buruzko egia ezagutzeko.

3. Argi dago agintariek gertatutako irregulartasun batzuk kontutan izan dituztela, baina baita ere polizia-ereduarekin zerikusia duten kontuak ez dituztela zuzendu nahi (prestakuntza, kontuak emateko modua...). Esaterako, gomazko pilotak erretiratzea eskatu zuen Ertzaintzako sindikatu bakarra izan ginen; azkenean hartu da erabaki hori. Gertakari hauek, urtetan gertatu diren beste asko bezala, baliatu behar ditugu herri honek behar duen polizia-ereduari buruz eztabaida sakona egiteko. Eztabaida honetan ez dute soilik erakunde eta alderdiek parte hartu behar; jendarteko organizazioek eta giza-eskubideen alde dihardutenek ere badute beren lekua hor.

4. ELAk deitoratu egiten du Ertzaintzako sindikatu korporatiboen jokabidea, defentsa korporatiboa lehenesten baitute egiaren eta justiziaren gainetik. Jokabide hau Segurtasun sailak berak hauspotu du urtetan. Horrenbestez, honekiko ere ELA izan zen Rodolfo Ares sailburua kargutik kentzeko eskatu zuen sindikatu bakarra. Oso kezkagarriak dira organizazio horietako batzuk egunotan errugabetasuna aldarrikatzeko erabiltzen ari diren kontsignak. ELAk gogoratu nahi du ertzainak zerbitzari publikoak direla eta, beraz, eman dakiekeen babesak eskatzen du lehenik benetan gertatu zena argitu behar dela, inolako opazitaterik gabe.

5. Irregulartasun eta injustiziak bata bestearen atzetik gertatu dira eta prozesua asko luzatu da; hau noski Iñigo Cabacasen senideen samina areagotzen ari da. ELAk une hain gogorretan bere zinezko dolumina eta elkartasuna adierazi nahi die.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.