2019-12-09 18:17
ELAk honen bidez salatzen du Transbisa enpresaren kudeaketa, hiri-hegoaldeko saihesbidean, ezin txarragoa dela; hainbesteraino ezen arrisku-gertaerak ere sortzen ari baitira trafikoan. ELAk eskatzen die INTERBIAK/Bizkaiko Foru Aldundiari eta TRANSBISA enpresari murrizketak bertan behera uzteko, eta langileen baldintzak negoziatzeko; Supersurtik egunero dabiltzan 15.000 erabiltzaileei zerbitzuaren kalitatea eta segurtasuna bermatzearren. Osterantzean, ELAk ohartarazten du mobilizazio-egutegi bat prestatuko duela, abenduan zehar gauzatzeko.

ELAren esanetan, hiriko hegoaldeko saihesbideko zerbitzuaren esleipena daraman enpresa horrek mugimendu etengabeak egiten dituela, herri-ogasunetik ateratzen dituen etekinak are ugariagoak izan daitezen. Izan ere, 2016-2018 urte bitartean 1,2 milioi eurotik gorako mozkinak atera ditu. Hala ere, enpresa horrek ez ditu kontuan hartzen bere langileen eskaerak, lan-baldintzak eguneratzeari dagokionez, beste emakida batzuen aldean askoz apalagoak baitira (soldatak, lanaldiak eta lizentziak).

Zehazkiago, Transbisako Zuzendaritzak ez du betetzen 91/2012 Foru Dekretua, tuneletako kontrol-postuetan egon behar diren langileen kopurua arautzen duena. Beraz, egunero sortzen diren arrisku-gertaeretan ezin da behar bezala artatu eta sorotsi, ez eta arazoak konpondu ere.

Gainera, sindikatuak soldata-eskala bikoitzak ere salatzen ditu; batez ere behin-behineko langileen artean daudenak. Behin-behinekotasunaren tasa oso altua da egiturazko postuetan, eta enpresak ez ditu postu horiek erregularizatu nahi. Halaber enpresak etengabeko aldaketak proposatzen dizkie ordainlekuetako langileei, zerbitzuaren kaltetan.

Azkenik ELAk salatzen du enpresak ez duela neurririk hartzen lan-segurtasun eta osasunaren arloan.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.