2019-06-07 12:58
ELAk salatzen ditu Nafarroan pairaturiko askatasun sindikalaren aurkako erasoak, batez ere azken asteetan gertaturikoak. Ondorioak oso larriak izaten ari dira, LAB sindikatuaren kide batek espetxeratzeko zigorra jaso duelako, eta greben piketeetan parte hartzeagatik beste salaketak epaitegietan daudelako. ELAk bere elkartasun osoa adierazten die.

Kasu guztietan, zigorrak zein eskaera judizialak guztiz neurritik kanpo daude, eta greba eskubidea zein ekintza sindikala kriminalizatzeko saiakera politiko baten barnean daude. ELAk exijitzen du, kasu guztietan, akusazioak erretiratzea eta epaitutako egoeretan, goiko auzitegietan helegiteak berraztertzea. Antidemokratikoa den Mozal Legea aplikatzeaz gain, ELAk salatzen du gertatzen ari den greba eskubidearen eta ekintza sindikalaren aurkako jazarpen politikoa (Estatu zein Foru Administrazioak bultzatuta edo onartuta).

Dena den, jazarpen politiko hau eredu kapitalistaren eta lan munduko bidegabekerien aurka borrokatzen duten sindikatu eta erakundeen aurka egiten da, baina inoiz ez lan istripuak murrizteko edo lan legediaren zein hitzarmenen urraketak sahiesteko. Iruñean berriki epaituriko kasuan, ELAk bereziki salatzen du Fiskaltzaren jokaera, gartzelarako zigorrak eskatzeko prozesuari eutsi ziolako, akusazio partikularra etsi bazen ere.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.