2020-05-21 17:54
ELAk salaketa bat aurkeztu du gaur Bizkaiko Lan Ikuskaritzan, zeinaz salatu baita Basauriko Espetxeko Zuzendaritzak ez duela bete Lan Arriskuen Prebentzioaren Legea. Hortaz, Basauriko espetxeko deskonfinamendu-neurriak kautelaz bertan behera uzteko eskatu da, harik eta prebentzio-ordezkariekin egin beharreko kontsultaren derrigorrezko izapidea bete arte.

Negoziaziorik egin ez denez, laneko arriskuen prebentzioarekin loturiko gaietan langileen ordezkariek duten parte hartzeko eskubidea ez da errespetatu.

Covid 19 geldiarazteko ezarritako murrizketak orain malgutu nahi dira, baina malgutasun-neurri berri horiek arrisku berriak ekarri ditzakete; eta, ondorioz, beharrezkoa da (edozein enpresatan bezala) kontingentzia-plan bat ezartzea (antolamendu-, teknika- eta giza izaerako neurriak), ordezkaritza sindikalaren parte-hartzearekin, ea prebentzio-neurri berriak ezarri behar ote diren zehazteko.

Beharrezkoa da langileei norbera babesteko ekipamenduen hornidura (NBE/EPI) bermatzea (baimena duten barnekoentzako maskarak, lekualdaketak, maskararik gabe bertaratu diren senideak), aretoetan gutxieneko segurtasun-tarteak mantentzea, senideak zentro barruan lekualdatzea, tratamendu-taldeen edo tratamendu-batzordeen bileretan (non ezin diren distantzia horiek gorde), etab.

Era berean salatzen dugu ez digutela argibiderik eman, ordutegiez eta egingo diren ahozko komunikazioen baldintzez..., barneko presoei iragarki-oholean jakinarazi badiete ere.

Ordezkari sindikalok ditugun eskubideen artean arriskuen prebentzioarekin loturiko gaietan parte hartzea dago, eta baita segurtasun eta osasunaren gainean eragina izan dezaketen neurriak gurekin kontsultatzea ere.

Horregatik, ELAk ez du onartu Basauriko Espetxeko Zuzendaritzak bere kabuz segurtasun-neurriak hartzea, eta beraz horren salaketa aurkeztu du.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.