2020-06-29 12:06
ELAk salatu du patronalek ez dutela aplikatu 2019-20 ikasturteko Itunpeko Ikastetxeen Lanbide Heziketako antolaketari buruzko ebazpena, Eusko Jaurlaritzaren beharrezko adostasunarekin Ondorioz, ikastetxeek 3,5 milioi euro baino gehiago desbideratzen jarraitzen dutela ikasturte bat gehiagoz Eusko Jaurlaritzaren konplizitatearekin gaineratu du.

Itunpeko Lanbide Heziketako ikastetxeen kasuan finantzatu beharreko irakasleen gastuak zehazterakoan, Eusko Jaurlaritzak kontuan hartzen ditu indarrean dagoen LHko hezkuntza-araudiaren arabera estali behar diren kontzeptuak.

Hala, indarrean dagoen araudiaren arabera kontuan hartu behar diren eta, beraz, Eusko Jaurlaritzak finantzatzen dituen kontzeptuen artean daude enpresetako praktikak kudeatzeko eta horien jarraipena egiteko orduak (Lantokiko Prestakuntza edo LP) eta ikasgelan edo tailerrean praktikak egiten diren bitartean bigarren irakasleentzako orduak (edo desdobleak).

Kudeaketa eta jarraipen orduak enpresak bilatzeko eta ikasleek enpresa horietan egiten dituzten praktiken jarraipena egiteko finantzatzen diren orduak dira (batez ere, enpresek beren zeregina betetzen duten eta ikasleak ezagutza eta esperientzia pertsonal eta laboral egokia eskuratzen duen ebaluatzeko eta egiaztatzeko).

Bigarrenei dagokienez, ikasgelan edo tailerrean praktikak egiten diren bitartean bigarren irakasle bat izateko finantzatzen diren orduak dira, ikasleei zerbitzu egokia emateko, bai zerbitzuaren kalitatearen aldetik (arreta pertsonalizatua eta garapen egokia praktiketan zehar), bai ikasleen segurtasunaren aldetik (praktikak batez ere ikasleentzako segurtasun baldintza egokietan egitea).

Duela 4 urte baino gehiago, Gizarte Ekimeneko L.H.ko itunpeko ikastetxeetako ELAko ordezkariok kontzeptu horien aplikazioan irregulartasunak antzeman genituen, eta ondorioztatu genuen, indarrean dagoen hezkuntza araudiak zerbitzu horiek betetzea eskatzen duen arren, eta horretarako finantzaketa publikoa jaso arren, ikastetxeak ez zirela zerbitzu hori emateko jasotako kopuru ekonomiko guztiak bideratzen ari.

Irregulartasun horien ondorioak oso larriak dira:

  • Alde batetik, ez dagozkien lan-kargak beren gain hartu behar dituzten irakasleei eragiten eta kalte egiten dietelako, bai eta hezkuntza-kalitatearen eta segurtasunaren ikuspegitik zerbitzu egokia jasotzen ari ez diren ikasleei ere (tailerreko praktiketan bigarren irakasle bat ez emateak lan-karga handiagoa dakar irakaslearentzat, eta segurtasun eta kalitate txikiagoa ikasleentzat).
  • Bestetik, diru publikoaren zati bat erabili beharko liratekeen helburuetarako erabiltzeari uzten zaiolako.

2016ko maiatzean, ELAk irregulartasun larri horien berri eman zien bai itunpeko L.H.ko ikastetxeetako patronalei, bai Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari.

Patronalaren erantzuna araudia betetzen ari zirela  izan zen, eta ez zuten inolako asmorik agertu irregulartasun horiek zuzentzeko.

Hezkuntza Sailari dagokionez, hasieran gaiari muzin egin arren, sindikatuaren jarraikotasunak behartuta, 2017an azkenik azterketa bat egitea erabaki zuen Hezkuntza Ikuskaritzaren bidez.

Hori dela eta, 2017-2018 ikasturtean, Hezkuntza Ikuskaritzak Gizarte Ekimeneko itunpeko L.H.ko 16 ikastetxetara jo zuen (txikiak eta handiak, hainbat probintzi eta patronaletakoak), eta 2018ko uztailaren 23an  txosten bat egin zuen, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari eman zion.

Txostenak sindikatuak salatutako irregulartasun larriak ematen direla berresten du. L.H.ko 16 zentro horiei buruzko txostenean jasotako datuetan oinarrituta, eta gure kalkuluen arabera, baliteke ikasturte bakoitzean 3,5 milioi euro inguru ez bideratzea lantokiko prestakuntzarako eta desdobleetatarako. Diru publikoaren eta familien kuoten desbideratze bat, nora desbideratu den ez dakiguna, baina ikasleen praktiken jarraipenerako eta segurtasun-arrazoiengatik hala eskatzen duten ikasgaietan ikasgelen desdobleetarako ez dela erabili, txosten horrek egiaztatzen duena.

2019ko maiatzean, ELAk L.H.ko itunpeko ikastetxeetan finantzaketa publikoko irregulartasun horiek salatzeko administrazio-erreklamazio formal bat aurkeztu zuen Eusko Jaurlaritzan, irregulartasunak berehala zuzentzeko neurri egokiak hartzeko, eta  lantokietako praktikak edo prestakuntza eta ikasgelako edo tailerreko praktiketako desdobleak betetzeko eskatuz.

ELAk aurkeztutako salaketen eta administrazio-erreklamazioaren ondorioz, Hezkuntza Sailak 2019ko uztailaren 30ean argitaratu zuen L.H.ko sailburuordearen Ebazpena, EAEn L.H.ko zikloak ematen dituzten ikastetxe pribatu-itunduetako 2019-20 ikasturteko antolamenduari buruzkoa.

ELA ez dator bat ebazpenaren alderdi batzuekin, eta uste du ebazpenaren alderdi batzuk zalantzazkoak direla, baina ebazpenak argi uzten du Lantokiko Prestakuntza Ratio bat eta Irakaskuntzari Laguntzeko Kreditu Ratio bat aplikatuko direla, biak hitzarmen-moduluaren bidez finantzatuak; hau da, Eusko Jaurlaritzak ikasleen praktiken jarraipena egiteko eskola-orduen kopuru bat finantzatzen duela zehazten du, eta beste ordu batzuk desdobleetarako, ELAk 4 urte baino gehiagoz eskatu izan duen bezala.

2019-20 ikasturtea amaitu da.  Patronalek ez dute ebazpena aplikatu, eta Eusko Jaurlaritzak, ez-betetzearen berri izanik, ez du ezer egin ikasleek bidezko eta kalitatezko hezkuntza jasotzeko duten eskubidea bermatzeko.

ELAk, alde batetik, ez-betetzea bide juridikotik salatzen jarraitu du, eta urtarrilean aurkeztu zuen ebazpena 2019-2020 ikasturterako aplikatzea eta betearaztea eskatzeko administrazio-errekurtsoa. Bestetik, behin eta berriz eskatu dugu gai honetan erantzukizuna duten Hezkuntza Saileko sailburuordetzekin bilera batean biltzea (Administrazio eta zerbitzuetako sailburuordetza eta Lanbide Heziketakoa).

Hala ere, Jaurlaritzak ez du bilera hori egin nahi izan, eta sailburuorde bakoitzarekin aparte egindako bileretan, bakoitzak bigarrenaren bizkarrera bota du ardura, patronalen jokaera onartuz.

Gainera, oso larria da sindikatuak urtarrilean aurkeztutako administrazio-errekurtsoari Sailak emandako erantzuna. Sindikatuak salatutakoa zuzendu beharrean, sindikatuak interesdun izaerarik ez duelako aitzakipean bide juridikoa itxi nahi izan digu. Hezkuntza Sailak sindikatuak salatutakoari ez dio eutsi nahi, uko egin nahi dio sindikatuak salatutako irregulartasunak zuzentzeko neurriak hartzeari, eta beraz diru publiko kopuru garrantzitsu bat bere helburuetarako erabiltzen dela ziurtatzeari.

ELAk pausoak ematen jarraituko du, bai bide juridikotik ta baita sindikaletik ere, irregulartasun horiek konpon daitezen. Hala, Hezkuntza Sailak 2019-2020 ikasturterako Ebazpena ez betetzearen salaketari emandako erantzunaren aurrean, auzitegietara jotzea aztertuko dugu; 2020-2021 ikasturteko ebazpenari begira, jada gure proposamen bat bidali diogu Eusko Jaurlaritzari, zalantzazko legezkotasun alderdi batzuk hobetzeko, eta bere betetzearen jarraipen estua egingo dugu.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.