Dagoeneko ezagutu da, Eusko Jaurlaritzak osasungintza publikoaren arloan martxan jarri duen neurri nagusiaren bukaera. ELAk adierzi duenez, Osasun Itunak bere ibilbidea hasi eta ia urtebetera, parte-hartzaileen arteko desadostasunak agerian geratu dira. Modu berean, argazkiak akimenaren porrota agerian utzi duela adierazi du sindikatuak. ELAren aburuz, sinatutako Osasun Ituna ez da inoiz izan Osakidetzak behar dituen egiturazko aldaketei aurre egiteko tresna bat. ELAk salatu du urtebete galdu dela osasun publikoaren arazo larriak konpontzen, eta arazo horiek premiazko konponbideak behar dituztela.
ELAk bere garaian esan zuen Osakidetzak premiazko eta egiturazko aldaketak behar dituela, mahai berriak beharrean. Eta denborak posizio hori berretsi du. ELAren ustez, Osasun Itunean parte hartzeak inolako aldaketa nabarmenik ekarriko ez duen antzezlan baten parte izatea ekarri du. Ituna Osakidetzaren arazo larriak ezkutatzeko eta egiturazko neurrietan lanean aritu direlakoaren itxura emateko saiakera izan da.
ELAk Osakidetzako Mahai Sektorialean parte hartzen du beste sindikatu batzuekin batera, eta Mahai horretan ez da aurrerapen nabarmenik egon azken hilabeteetan. Modu berean, Osakidetzak alde bakarrez onartu du edukirik gabeko berdintasun-plana, inongo sindikaturen sinadurarik gabe. Datuek argi adierazten dute zein den osasungintza publikoaren egungo egoera: lehen arretak murrizketa zuzenekin funtzionatzen jarraitzen du urtean 6 hilabetez; 2024an, Osasun Sailak %11,5 gehiago bideratu zuen osasungintza pribatuaren zerbitzuak eta deribazioak finantzatzera; behin-behinekotasunak %50etik gora jarraitzen du eta 24.000 langileri baino gehiagori eragiten die; Osakidetzak bete gabe ditu kategoria ezberdinetako 1.641 plaza; bitartean, osasunera bideratutako EAEko aurrekontuak pisua galtzen du BPGrekiko.
ELAren iritiz, Osakidetzaren egoera larria iraultzeko, ezinbestekoa da egiturazko aldaketa sakona gauzatzea eta plantillen lan-baldintzak hobetzea. Hortaz, Osasungintza publikoa indartzea eta osasun pribatura bideratutako baliabideak murriztea, lan-baldintzak hobetzea eta aurrekontua nabarmen handitzea izan behar dira Osakidetzaren arazo larriak konpontzeko oinarriak.
ELAk azpimarratu du osasungintza publikoa defendatzeko modurik eraginkorrena eztabaida soziala bultzatzea eta langileak eta gizartea antolatzea dela, egungo kaosa eragin duten eragileak presionatzeko. ELAk aliantzak eraikitzeko eta mobilizazioak bultzatzeko lan egingo du, Osakidetzaren errealitatean benetako aldaketak lortzeko.