2018-03-02 11:35

 

Argi dago horrelako gelek ez dituztela betetzen behar diren neurriak eta ezaugarriak. Gainera, biktimak eta laguntzaileak orain baino baldintza txarragoetan eramango dira, eta salatutakoarekin topo egin dezakete aurrez aurre. Egoera hori ez da desiragarria, eta kezka-iturri ere izan daiteke pertsonalarentzat, segurtasunik ezagatik. Kokapen berria, egiatan, erabat aparte dago gainerako epaitegietatik; eta beraz funtzionarioak bakarrik eta babesgabe geratuko dira edozein istiluren aurrean.

Indarkeriaren epaitegietako pertsonalarenganako eta ematen duten zerbitzu publiko horrekiko arbuio eta gutxiespena ez da halabeharrez gertatzen. Hori bera gertatzen da sektore feminizatu askotan, non emakumea protagonista den, eta lan-prekarietatea bere luze-zabalean gailentzen den.

Gogoratu beharrekoa da ELAk, 2016ko ekainean, proposamen bat bidali ziola Justizia Sailari, Emakumeen aurkako Indarkeriaren Epaitegien egoera hobetzeko, “kontuan izanik estres eta akiduraren aparteko egoerak, postuak balioetsi ez izana, prestakuntza egokirik eza, baliabideen falta, arrisku-prebentziorik egin ez izana...” Labur esateko, lan-baldintza okerrak daude, eta ondorioz plantillan orokorra da beste destino batzuetara alde egiteko gogoa.

Justizia Sailak ez zion erantzunik eman gure proposamenari, nahiz eta edozein politikari arduratsu eta etikadunek gure neurriekin bat egin beharko, ardurapean duen pertsonalaren eta zerbitzu publikoaren egoera hobetzeko baitira. Orduko neurri haiek gaur egun ere eskatzeko modukoak dira bete-betean: plantillak indartzea, bajak lehenbailehen ordeztea, behar diren baliabide material eta teknikoak hornitzea, esparru fisikoak egokitzea, adingabeak artatzeko pertsonal espezializatua kontratatzea, arrisku-ebaluazioak egitea, berariazko prestakuntza espezializatua izatea, ofiziozko abokatuen txandak arautzea, lanpostu horiei loturiko aparteko nekagarritasuna eta zailtasuna saritzea, eta abar.

 

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.