2019-02-22 12:24
Langileak greba mugagabean daude otsailaren 1etik. Martikoren filialak 1,3 milioiko etekinak ditu eta bere pertsonaleko gastuak %3,5koak besterik ez dira.

Navarplumako langileak, greba mugagabean otsailaren 1etik, elkarretaratze hirukoitza egin dute Nafarroako Gobernuan, Sodenan eta Nafarroako Enpresarien Elkartean. Navarpluma enpresa Aratzuri-Orkoien industrialdean dago, ahate-lumak eraldatzen aritzen da, eta Martikoren partaidetza du.

Grebaren helburua enpresa-hitzarmen bat lortzea da, Nafarroako Ehungintzaren Hitzarmena erreferentziatzat hartuz; eta horren bidez Navarplumako langileen baldintzak duintzea. Gatazka hasi zenetik enpresa saiatu da greba-eskubidea urratzen; eta horretarako, greba batzordeari enpresan sartzea galarazi dio, grebalariak ordeztu ditu... Jarduera horiek guztiak salatuak izan dira Lan Ikuskaritzan.

Navarpluma enpresak etekinak sortzen ditu, bere finantza-egoera oso ona da. ELAk aztergai izan ditu Navarplumaren kontuak eta enpresaren ustiapen-emaitza, 2018ko martxoaren 31ko egunekoa (eskueran izan dugun azken datua), eta etekinak 1.376.760 eurokoak ziren. Oso deigarria da pertsonaleko gastuak enpresaren gastu guztien %3,5 bertzerik ez direla, eta urte bakar baten epean portzentaje hori %5etik %3,5era jaitsi dela.

Navarplumako langileek dei egiten dio Nafarroako Gobernuari gatazka honi konponbideren bat bilatzeko. Alde horretatik, ELAk bilera eskatuko dio Ekonomia Garapeneko Departamentuari gatazkaz aritzeko. Era berean, ELAk zera oroitarazi nahi du: joan den urriaren 8an Sodenak eta Nafarroako Enpresarien Konfederazioak (CEN) lankidetza-akordio bat izenpetu zuten, eta horren arabera Nafarroako Gobernuak parte hartzen du programaren finantzazioan. Navarpluma enpresak diru-laguntza publikoak jasotzen dituenez, zentzuzkoa da eskatzea Nafarroako Gobernuaren esku-hartzea, ELAren ustez.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.