2018-11-19 13:29
ELAko ordezkaritza batek Eusko Legebiltzarrean esan du EITBk, zerbitzu publiko den aldetik, euskal herritarrei bermatu egin behar diela kalitatezko informazio plural, independente eta kontrastatua jasotzeko aukera, zeinak jendartea aberastu eta duinagoa egingo duen. Hezitzeaz gainera ekitate soziala eta generokoa sustatuko duena, baita herritarren parte hartzea ere. Finean, EITB benetako kontrabotere izan behar da korporazio handien eta interes pribatuen aurrean, eta ez hauen zerbitzura jarri.

ELAk gogoratu du hedabideek taxutzen dutela iritzi publikoa eta delako interes orokorra, hauek ia beti botere politiko eta ekonomikoaren interesak ezkutatzen dituztelarik. Horregatik, komunikabide publikoek herritarren iritzi eremua zabaltzeko baliagarri izango diren kontrol mekanismo eta bitartekoak izan behar dituzte. EITBren beraren arlotik harago badoa ere, ELAk proposatzen du Euskal Informazio Agentzia bat sortzea, gure herriaren errealitateari erantzun informatibo zabal eta plurala eman ahal izateko. Agentzia independente honek euskaraz jasoko lituzke Euskal Herriko gertakari politiko, sozial eta kultural nagusiak.

ELAren ustez, EITBk euskal kultura eta euskara sustatu eta hedatu behar ditu, Euskal Herriko komunikabide publiko den aldetik. Batez ere sortzen lagundu behar du gure imajinario politiko, sozial eta kulturala, eta ezinbestean euskaraz. Horregatik, gure ustez euskararen presentzia hedabide ez euskaldunetan areagotu egin behar da. Horregatik zalantzan jartzen dugu EITBren egungo banaketa: gaztelania hutsezko telebista kanalak, irratiak, webgunea eta sare sozialak euskarazko medioekin lehiatzen dira eta beren lana gure hizkuntzari ia bizkar emanda egiten dute, euskararekiko ia errealitate arrotza erakusten dutelarik. ELAren aburuz premiazkoa da eztabaida bati ekitea politika, jendartea, kultura zein hezkuntza arloetako eragileen artean EITB berri bat sortzeko, zeinak benetan beteko duen Euskal Herri euskalduna taxutzeko eginkizuna.

EITBri dagokionez, bere independentzia ziurtatu eta dagokion eginkizun publikoa bete ahal izateko, behar ditu gobernantza-egitura eta organoak, gobernu, botere ekonomiko eta alderdi politikoen kontroletik at daudenak. Organo horiek gure herriko errealitate eta pluraltasuna modu demokratiko eta orekatuan islatuko lukete, beren kideen artean ikus-entzunezko profesional eta adituak ere egongo liratekeelarik. Hain zuzen, ez da onargarria Administrazio Kontseilua gaur egun ia erabat talde parlamentarioen banaketaren arabera osatzea, sindikatu nagusia azken bost legealdietan baztertu dutelarik.

EITBren independentzia informatiboa bermatzeko egin beharreko lanak behar bezala egiteak eskatzen du lan-baldintza, azpiegitura eta baliabide nahikoak bideratzea. Haatik, plantilla etengabe murriztu da azken urteetan: Eusko Irratian 2011tik hona 30 langile gutxiago daude (gainera, arlo publikoan izan den lehen EREa aplikatu da bertan); Radio Vitorian murrizketak plantillaren %25etik gora eraman du aurretik; Erakundean ere plantilla %20tik gora murriztu dute...

Bestalde, taldearen zuzendaritzak erabaki du zerbitzuak pribatizatzea, aldi baterako enplegua hedatzea (egun kontratuen %30 iraupen mugatukoa da) eta saioak esternalizatzea, honen ondorioz enplegua suntsitu eta prekaritatea zabaldu delarik (gaur ehundaka langile azpikontratatuta daude, eta gehienak EITBren plantilla estrukturalean egon beharko lukete).

Bereziki larria da ekoiztetxe pribatuetara kanporatzeko erabakia; ohikoa da, gainera, horiek EITB taldeko langileak, azpiegiturak eta baliabide materialak baliatzea (‘En Jake’, ‘Está pasando’…). Klientelismo honen adierazgarri argia da gobernuak aldatuz gero ekoiztetxeak ere txandakatu egiten direla, edota izendapen libreko postuetan interes alderdikoiak nagusi izatea. Klientelismo honen kontrara, erabateko gardentasuna eta auditoritza behar dira.

Horrenbestez, beharrezkoa da suntsitutako enplegua berreskuratzea eta proposatu den komunikabide publiko eredua gauzatu ahal izateko lanpostuak sortzea: LEP deialdia, esternalizazioa bertan behera uztea eta lege-iruzurreko kontratazioa amaiaraztea (zigorrak ezarriz, behar izanez gero). Horretarako EITBren finantziazio publikoa hobetu behar da: Gaur egun urtean 137 milioi euro jasotzen ditu, baina 2009ko aurrekontuari eutsi balitzaio, erakunde publikoak 73 milioi gehiago izango lituzke eskura.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.