2018-07-19 12:54
ELAk ehundik gora hitzarmen aurkezten ditu (horietatik 8 sektorekoak) Hego Euskal Herriko eskualde guztietan eta sektore ezberdinetan. Hitzarmen hauek Europako sindikalismoaren testuinguruan paregabeak diren prekarietatearen aurkako neurriak jasotzen dituzte. 2018Ko negoziazioan urrats kualitatiboak gatazken igoerarekin batera etorri dira. ELAk egindako greba kopurua %81 hazi da aurten eta egoera prekarioenetan, bereziki feminizatutako esparruetan, greba mugagabeak izan dira. Horretarako Erresistentzia Kutxa ezinbesteko tresna izan da.

Adolfo Muñoz "Txiki", idazkari nagusiarekin batera, Pello Igeregi eta Leire Txakartegi, negoziazio kolektiboko eta genero berdinatsunezko arduradunek hartu dute 2018ko lehen sei hilabeteotan enpresa eta sektoreetan lortutako emaitzen aurkezpenean.

Adibide batzuk jartzearren, Gipuzkoako Ostatugintzan azpikontratetako langileen subrogazioa lortu dugu (bereziki garrantzitsua da hoteletako multizerbitzu enpresetan) eta hitzarmen honen aplikazioa pisu turistikoetaraino helduko da, bereziki prekarioa den esparru bat eta Estatuan ia inongo lan-babesik ez daukana. Gipuzkoako ehunen merkataritzan asteburuetan derrigorrezko deskantsua izatea jaso dugu. Eta Gipuzkoarekin jarraituz, eraikuntzan hitzarmen historikoa itxi dugu, eros-ahalmena berreskuratu dugu eta gure inguruan ezezaguna den bermea izango dugu: enpresa nagusiek azpikontratatutako langileei zuzenean ordaindu beharko diete azpikontratetan hitzarmena betetzen ez denean.

Arabako Salgaien Garraioan logistikako langileentzako subrogazioa lortu dugu eta Nafarroako kirol kudeaketan bai Zapateroren zein Rajoyren lan-erreformei bidea itxi diegu, beste lorpen batzuekin batera.

Lan-erreformak enpresatatik kanpo uzten dituzten klausulak dira, hain zuzen, ELAren negoziazio kolektiboaren bereizgarria, eta hala jasotzen da gure sindikatuak sinatzen dituen hitzarmenetan (sinatzaileak beste sindikatu batzuk direnean jasotzen ez den bermea, eransten dugun taulan ikus daitekeen bezala). Era honetan, azpikontratazioari galga, ultraaktibitate mugagabea (edo behintzat lehenak jasotzen duena baino nabarmen luzeagoa), sinatutakoaren derrigorrezko betetzea (hau da, aldebakarrez hitzarmena ez aplikatzeko neurriak) eta genero soldata arrakalarekin amaitzea (edo borondatezkoak ez diren lanaldi partzialak mugatzea) dira, besteak bestea, ELAren negoziazio kolektiboaren bereizgarriak. Bestela esanda, hau da AENCari alternatiba eraginkorra, patronalari betoa ematea eta prekarietate zein murrizketak betikotzea helburu duen akordioari alternatiba.

Zentzu horretan, negoziazio mahaiek ez dutenean gehiagorako ematen, grebaren erabilera ezinbestekoa da gatazkak langileen aldeko erantzuna izan dezan. 2018Ko negoziazioan urrats kualitatiboak gatazken igoerarekin batera etorri dira. ELAk egindako greba kopurua %81 hazi da aurten eta egoera prekarioenetan, bereziki feminizatutako esparruetan, greba mugagabeak izan dira. Horretarako Erresistentzia Kutxa ezinbesteko tresna izan da.

Enpresa askotan soldaten % 15, 20 edo-eta 54ko igoerak eta lanaldiaren murrizketa garrantzizkoak eman dira. Abantaila hauen atzean sindikatuaren kide antolatuak daude.

Irakurri Txostena

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.