2019-06-18 13:50
ELArentzat onartezina da CEN, UGT eta CCOOk sinatutako akordioa, eta arbuiatu egiten du eraginkortasun ezagatik 2015ean kendutako figura hau berhartzeko Nafarroako Gobernuaren erabakia, 2019ko Aurrekontu Orokorretik 400.000€ bideratzea suposatu duena.

“Prebentziorako Lurralde Ordezkaria” berreskuratzeko CEN, UGT eta CCOOren azken iragarpenaren aurrean, ELAk berriro nabarmendu nahi du Gobernu honek UPNren elkar-hartze sozialeko politika publikoekin hausteko duen borondate falta, eta bide batez berretsi Nafarroako Lan Osasun Kontseiluan uzteko erabakia.

ELAk oroitarazi nahi du “Nafarroako Foru Erkidegoko Prebentziorako Lurralde Ordezkaria” izenekoaren sorrera 1995ean CEN, UGT eta CCOOk sinatutako akordio intersektorialaren baitan kokatzen dela, 2002an gaituz geroztik, bere finantzaketarako baliabide publikoen etengabeko bideratzea ekarri zuelarik. Figura honen inguruko erabakiak Lan Osasunerako Batzorde Mistoak hartzen zituen, soilik erakunde sinatzaileekin eratutakoa izan zena, eta aldebakarreko irizpideen arabera pertsonak nahiz enpresak izendatu, eta lan-ildoak zehazten zituena, hain zuzen. Sistema hau ELAk defendatzen duen kontrabotere ereduari betoa jartzeko baliatzeaz gain, aipatutako erakundeek ordezkatzen duten elkarrizketa sozialaren eredua diru publikoarekin indartzeko ere erabili zen urteetan zehar.

2015ean, finantzaketa publikoa eta eredua bera eten ondoren, Administrazioari berari baliabide publikoak bideratzean oinarritutako ekinbide desberdinak abiarazteko aukera ireki zen, enpresetako bisita kanpaina, Diana Plana delakoa edo Amiantoa kentzeko Plana kasu. Baina azkenean, Manu Ayerdi eta Izaskun Goñiren Departamentuak amore eman du, ELA eta LABek Nafarroako Lan Osasun Kontseiluan egindako proposamenak etengabe baztertu dituen aldi berean, Organo hartatik kanpo baliabide publikoak zuzenean CEN, UGT, eta CCOOi bideratzeko erabakia hartu duelako. Zehazki, “Laneko Arriskuen Prebentziorako Lurralde Ordezkaria” berriro gaitzeko erabakia, 2018ko urrian erakunde hauek sinatu zuen “Lan-harremaneko Akordio Intersektoriala” delakoaren baitan kokatzen da, eta Nafarroako Aurrekontu Orokorretik 400.000€ bideratzea ekarri du, Lan Osasun Ekintza Planari berari legealdi osoan guztira bideratutakoaren diru kopuruaren oso antzekoa.

ELAren iritziz lan-osasunerako baliabide publikoak administrazioaren esku egon beharko liratekeen teknikariak kontratatzera bideratu behar dira, sindikatuak finantzatzeko beharrean, lan-istripu eta lanbide gaixotasunen aurka egiteko. Halaber, ELAk oroitarazi nahi du erabaki hau izan zela Nafarroako Lan Osasun Kontseiluko partehartzea eteteko azken arrazoia, eta berriro adierazi nahi du Ordezkari Territoriala gaitu eta finantzatzearen aurkako bere posizioa, figura honen eraginkortasunaren inongo adierazlerik ez egoteaz gain, Nafarroan 2012tik hona gora doazen ezbehar indizeen aurrean inolako eraginik izan ez duelako.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.