2018-12-20 18:53
ELAk bere poza agertu nahi du Barneratze lege-proposamena Nafarroako Parlamentuan erretiratu delako. Lege proposamen horren bidez Pertsonalaren Estatutuaren testu bategina aldatu nahi zen, eta "barneraturiko pertsonala"ren profila txertatu. Lege-proposamen horren berri jakin genuenetik kritikatu dugu, ez baitzen egokia egoera konpontzeko. Hau da, enpresa pribatu batek ematen zuen zerbitzua administrazio publiko batek bereganatzen badu, egoera gatazkatsua sortzen da, eta lege-proposamen hura ez zen egokia egoera hori onbideratzeko

ELAren ikuspegitik zenbat eta zerbitzu gehiago barneratu, orduan eta hobeki. Horren aldeko apustu garbia egin dugu, eta horretan jarraituko dugu hemendik goiti ere. Lege-proposamen hartan ez zen argitzen enpresa pribatuko langileak nola aldatuko ziren Administraziora.

Sindikatuak bilerak egin ditugu alderdi politikoekin, eta gehiago egin beharko, proposamen horri diogun gaitzespena agertzeko; baina batez ere alternatibak proposatzeko, eta irtenbide negoziatu eta adostu bat bilatzeko. ELAk talde politikoekin izandako bileretan plazaratu dien proposamena Kontratu Publikoen Legean oinarriturik dago. Gogoan izan lege hori aho batez onetsi zela Parlamentuan, eta lege onuragarritzat jo genuela ELAn eta gainerako sindikatuetan.

Talde politikoren batek proposatu duen Parlamentuko batzorde txostengile bat sortzearena, ideia ona da, eta guk parte hartuko genuke. Horren baitan gure gogoetak azalduko genituzke, eta zerbitzuak barneratzen jarraitzeko adostasun-puntuak bilatzeari ekin.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.