2019-04-29 16:41
Azken hilabeteetan ELAk hainbat elkarrizketa izan ditu Zaldibarko Udalarekin garbikuntza sektorean dagoen soldata arrakalaren arazoa sakon eztabaidatzeko, bi azpisektoreren artean dagoen arrakala gainditzeko asmoz, hain zuzen ere: kale-Garbikuntza (sektore maskulinizatua), eta Eraikin eta Lokalen Garbikuntza (sektore feminizatua). Zaldibarko Udalean arrakala hori %56koa da, gutxi gora behera. Udalak aitortu egin zuen arazo bat zegoela sektore honetan eta konpromisoa hartu zuen hurrengo pleguetan arrakalaren kontrako neurriak hartzeko.

Gauzak horrela, pasa den apirilaren 24an publikatutako pleguetan hainbat gizarte- klausula sartu ditu; horien bitartez, Eraikin eta Lokal Publikoetako garbitzaileen soldatak %10ean hobetuko dira automatikoki. Gainera, puntu gehiago eskainiko dizkie esleipenean soldatetan %10 horretatik gaindiko hobekuntzak eskaintzen dituzten enpresei.

Bidea badago oraindik Zaldibarko Garbikuntzan arrakalarekin amaitzeko, eta horren aldarrikapenean jarraituko dugu, baina ELAk oso positiboki baloratzen ditu klausula hauek eta eredugarri deritzo Zaldibarko Udalak emandako pausuari soldata arrakalarekin amaitze bidera. Deklarazio instituzionalak eskertzekoak dira, baina emakumeok horrelako ekintza zehatzak behar ditugu benetako berdintasuna lortuko badugu.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.