2020-10-06 18:39
Azken orduetan, hainbat albiste iristen ari dira Baiko enpresaren baitan dagoen lan-gatazkarekin zerikusia dutenak: Baikok ASPE enpresako langileekin beteko dituela lehiaketak, EPEL-ek (Baiko eta Aspe enpresek osatzen duten erakundeak) asmoa duela Agirre eta Albisuren finalerdietako partida galdutzat emateko jokalariek greba eskubidea egikaritzen badute, Baikok pilotari berrien debutak eta kontratuak dataz aurreratu dituela egon litezkeen grebalariak ordezkatzeko..

ELAk eta urriaren 2ko manifestua sinatu zuen langile-taldeak argi utzi nahi dute ez dutela grebarako duten oinarrizko eskubidea urratzen duen jarrera bakar bat ere onartuko.

Guztiz legez kanpokoa da grebalariak ordezkatzea, baita finalerdiko partida ospatutzat ematea ere, pilotariren bat lanera agertuko ez balitz grebarako eskubidea egikaritzeagatik.

Gatazka asteburua baino lehen konponduko ez balitz, legezko irtenbide bakarra, eta ontzat emango dugun aukera bakarra partidu horiek bertan behera uztea da.

Kasu honetan, ez da aplikagarria EPEL aztertzen ari den Erregelamendua, asteburu honetan gerta litezkeen egoerei irtenbidea bilatzeko. Izan ere, Erregelamenduak aurreikusitako estaldura-sistema ezin zaie aplikatu greba eskubidea egikaritzearen ondorio diren absentziei. Ez dago erregelamendurik, erabaki administratiborik edo liga profesionalik oinarrizko eskubide hori urratzeko ahalmenik duenik.

Gauzak horrela, urriaren 2ko aldarrikapen testua sinatu zuen langile taldeak argi utzi nahi du grebarako eskubidea urratzen duen jarduerarik detektatzen bada, Lan Ikuskaritzara joko duela eta epaitegien eta Fiskaltzaren aurrean akzio legalak aurkeztuko dituela, greba eskubidea urratzen duten enpresa edo sozietate-talde guztien aurka.

Ez ditugu onartuko langile taldearen elkartasuna eta esfortzua gutxiagotzeko helburua duten jarduerak eta oso adi egongo gara datozen egunetan gure greba eskubidea errespetatzen dela ziurtatzeko.

Amaitzeko, enpresari bere jarrera zuzentzeko deia egin nahi diogu, bazterrak nahasteari utz diezaiola eta langileentzako egokiak diren konponbideak bilatzeko ahalegina egin dezala.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.