2018-02-16 14:00

Zahar-sarien inguruan erabaki diren erreforma guzti-guztiek pentsio-sistema publikoari eraso larria eragin diote. Pentsiodunen erosteko ahalmena etengabe hondatu dute, pentsioen zenbatekoa murriztu eta eguneratzea gehienez %0,25ekoa izango dela ezarri baitute.

Gaur Hego Euskal Herrian (HEH) bizi den lau pertsonatik baten bizibidearen oinarria pentsioa da, eta biztanleriaren zati gero eta handiagoa osatzen duten adinekoen pobretzea errealitatea dugu.

ELAk pentsioen erreforma guztiak salatu ditu eta haien aurka jo du, greba orokorrak deitzeraino, esaterako Zapaterok, CEOEk, UGTk eta CCOOk hitzartu zuten erreformaren aurka egin zena; erreforma hark erretirorako adina 67 urteraino atzeratu zuen eta pentsio berrien zenbatekoa asko murriztu zuen.

Eztabaida sakona hasi behar da aberastasunaren banaketaz; hau ez da gai tekniko bat, politikoa baizik. Biztanleriaren zati gero eta handiagoa adinekoak badira, hauei bizimodu duina bermatzeko aberastasunaren zati handiagoa bideratu behar da noski.

ELAren posizioa da pentsioen gaian ere alternatibarik badagoela, hain zuzen euskal markoa, berton erabakitzen den sistema publikoa, transferentzia partzial eta baldintzatuak ukatuko dituena, zahar-sarien zenbatekoa eta erosteko ahalmena hobetuko duena, gutxieneko zenbatekoa 1.080 € izango delarik, eta Itun Ekonomikoan ezarritako irizpideak errespetatuko dituena.

Hau posible da, baina horretarako borondate politikoa izatea da baldintza. Helburu horiek lortzeko mobilizazio soziala ezinbestekoa da. Horregatik, ELAk sostengatu egiten ditu datorren asterako pentsiodunen kolektiboek deitutako mobilizazioak.

 

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.