2023-06-06 14:52
'Observatori contra l´homofobia' erakundeak antolatutako LGTBI-fobiaren kontrako nazioarteko II.topaketetan hartu du parte ekintza sozialeko arduraduna den Mirari Ullibarrik. Bertan Euskal Herriko zein estatu espainoleko erakunde eta ikusgune ezberdinekin hausnarketak partekatu dituzte.

Jardunaldiak ostiral goizean hasi ziren Ripolleteko herrian, bertan LGTBIren memoria historikoaren ibilbide bat egin zen. Arratsaldean, Bartzelonan jardunaldien aurkezpen ofiziala egin zen eta Mar Cambrollé-ren eskutik Trans Legearen inguruko hitzaldia egon zen.

Hurrengo eguna, Bárbara Ramajoren “Lesbofobias y Violencias Fantasma” deituriko konferentziarekin hasi zen, bertan lesbianismoak gizartean duen isladaren inguruan hausnartu egin zen. Ondoren, hiru tailer ezberdin burutu ziren: lehena, hezkuntza sistemarekin lotuta, bertan hezkuntzaren bitartez LGTBIfobiarik gabeko gizarte batera iristeko tresnen inguruan hitz egin zen, bigarrena, gaueko aisialdian pairatzen diren erasoen inguruan gogoeta egin zen eta hirugarrena, gorroto diskurtsoen gorakadaren inguruan bi kontu azpimarratu ziren: batetik, gorroto diskurtsoen jatorria eta bestetik, hedabideek honen aurrean dituzten jarrerak.

Goizarekin bukatzeko, Cristian Carrer-ek “Construimos espacios amables frente a los discursos de odio” ponentzia aurkeztu zuen, bertan egoera iraultzeko bi gako eman ziren batetik, errekurtso publiko gehiago eta hobeak garatzea eta bestetik, eraldaketa sozialerako hezkuntzan, osasungintzan, espazio publikoetan, hedabideetan zein lan esparruan tresna erremintak hobetzea. Arratsaldean bi mahai inguru egin ziren: bat garraio publikoarekin lotuta, bertan ematen baitira eraso asko eta bestea, gorroto diskurtsoarekin lotuta azkenaldian gorakaldia ematen ari delako. Egunarekin bukatzeko, Wiston Nogerak Nikaraguan pertsona LGBTI+ek pairatzen duten egoeraren inguruko hitzaldi bat egin zuen.

Igandea, hezkuntzaren zein aisialdiko espazioen gaiei berriro ere heldu zitzaien baina oraingo honetan ponentzia bezala garatu ziren eta hauek Hiruki Larroxa zein COGAMek bideratu zituzten. Ondoren, Ilga World ponentzia burutu zen eta ostean, Toni Comín eurodiputatuaren interbentzioa izan zen. Topaketei amaiera emateko, ondorioak partekatu ziren, eta hurrengo egunetan hauen emaitza txostena argitaratuko da.

ELAk interes berezia eduki du topaketa hauetan parte hartzeko LGTBIfobia lan zentruetan modu eraginkorrago batean borrokatu ahal izateko eta trans gaian sakontzeko asmoarekin. Helburu honekin ere, ekainaren 26an, trans gaiaren inguruan hausnartuko dugu Gasteizen ELAk antolatuko duen ekitaldian “Trans borroka klase borroka da” lelopean. 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.