2020-07-28 14:58
ELA Parlamentuko Hezkuntza Batzordearen lan-saioan egon da, patronalen, USOren eta CCOOren arteko akordio lotsagarri eta antidemokratikoa sinatu ez duten gainerako sindikatuekin batera. Bertzalde, Hezkuntza Departamentuak, ordezkaritza sindikalaren %99 hiru alderdiko mahaitik kanporatu ondoren, bere egin du akordio lotsagarri hori.

ELAk Nafarroako Parlamentuko talde guztiak gonbidatu ditu autogobernu handiagoko helburuekin bat egitera, eta ikasle nafarren %38 itunpeko ikastetxeetan ardurapean dituzten 3.000 langileri baino gehiagori aplikatzera, haien lan-baldintzak duinak izan daitezen.

Lan-baldintzak betearazteko behar bertzeko maila juridikoa duen tresna bakarra Nafarroako hitzarmena izanen zen, baina horrelakorik ez dagoenez, plantillak urtero daude mehatxu batenpean, alegia, indarrean dagoen estatuko hitzarmenaren zoru eskasa ontzat ematea ala, bertzela, estatuko hitzarmena osatzeko moduko akordio nafar bat egitea; nahiz eta, horretarako, ondoz ondoko murrizketak onartu eta betearazteko bermerik gabe geratu behar.

Kontseilariak ez ditu bete lehengo akordioan hartutako konpromisoak, hau da, hiru alderdiko mahaian bertze akordio bat negoziatzea. Ordezkaritza sindikalaren %99k gaitzetsi du negoziazio-mahaitik kanporatuak izatea, eta horrek zer pentsatua eman die departamentuari eta patronalei. Bertzalde, akordioaren zirriborro berrian murrizketak egin dira adinaren araberako eskola-orduen jaitsieran eta erretiro aurreratu partzialean; hori dela-eta, irtenbide autoritario bat bilatu dute, eta ordezkaritza sindikalaren %1arekin (USO eta CCOO), eta baita Administrazioarekin ere, akordio antidemokratiko eta lotsagarri bat izenpetu dute, patronalen aginduetara jarri baitira amarru gaizto hori egiteko.

ELAk parlamentuari eskatzen dio, Nafarroan pandemiaren ondorako adostu nahi dituen oinarrizko akordioen artean, kidego horrendako irtenbide duina emateko, 2008tik aplikatutako errezeta austerizidak alde batera utzita. Izan ere, Kontuen Ganberak bere 2018ko txostenean adierazi zuen bezala, Itunpeko Irakaskuntzan eskola-ordu gehiago dituzte astean, sare publikoan baino, eta gutxiago kobratzen dute. ELAren ustez onartezina da Hezkuntzak 250.000 euro aurreztea, itunpeko irakasle bakoitzeko, lan-bizitza osoa kontuan hartuz. Hala da, zuzenean kontratatuz gero, diru-kopuru hori gehiago gastatu beharko luke irakasle bakoitzeko. Antzinatasuna duen pertsonalak %18 gutxiago irabazten du, eta kontratatu berriek %7,25 gutxiago.

ELAk eskatu die 2020ko aurrekontuak babestu zituzten talde parlamentarioei zera berma dezatela: langileei eragiten dieten partidetarako onetsi ziren %4,5eko igoera hura benetan langileendako izatea; horrela, langile publikoei igotzen zaien %2az gain, %2,5 gehiago igo ahal izanen zaie, 2012az geroztik nominan egiten zaien murrizketa berdinduz (2010etik egindako murrizketak urte oso bat doan lan egitearen parekoak dira, eta eroste-ahalmena %13 txikiagoa da urte bitarte horren bukaeran). Eta ELAk, orobat, eskatzen die talde parlamentarioei zera ikertzeko: ea igoera zergatik izan den %3,25ekoa, eta ea non dagoen gainerako %1,25a, bere garaian onetsita egon arren, gaur egun desagertuta baitago.

Azkenik, ELAk Hezkuntza Departamentuari, aipaturiko langileen nomina hilero ordaintzen duen departamentu horri, eskatzen dio lan-harremanak Nafarroan erabaki daitezela, bitartekari gisa jardun dezala â€'itunpean dituen bertze sektore batzuetan egiten duen bezalaâ€', eta hiru alderdiak bildu ditzala, itunpeko irakaskuntzaren lehen nafar hitzarmena negoziatzeari begira.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.