2020-11-06 12:12
Eusko Jaurlaritzak iragarri zituen neurriek eragingo dute ostalaritzaren jarduera etetea, gutxienez azaro guztirako. Sektore honetan EAEn 60.000 bat lagunek egiten du lan; neurririk hartu ezean gobernuaren erabaki hark ondorio oso larriak izan ditzake enpleguan eta ostalaritzako negozio askoren etorkizunean. ELAk eskatu ditu lokalen alokairuei buruzko neurriak, sektorerako laguntzak eta ERTEan dauden langileentzako laguntza osagarriak.

Kontua da ea nola iritsi garen egoera honetara. ELAk salatu izan du Eusko Jaurlaritzaren planifikazio eta estrategia ezak ekarri gaituztela egoera honetaraino. Unean-unean hartzen dira erabakiak, beti gertakarien atzetik, eta hainbat eragilek aldarrikatu izan dugu plana eta estrategia beharrezkoak zirela adituek garaiz iragarri zuten egoera zail honi aurre egiteko. Eusko Jaurlaritzak erabaki zuen Covid-19arekin elkarbizitzea, eta pandemia neurtzeko ezarri dituen mailak edo faseak Europako beste lurralde batzuetan baino askoz altuagoak dira; ondorioz, egoerak gainez egiten duenean baino ez du esku hartzen. ELAk estrategia aldatzea eskatu du berriro: Koronabirusa erauzi egin behar da, eta horretarako kutsatze kasu bakoitzari modu fokalizatuan eta gogor ekin behar zaio; ezin da itxaron egoera okertu arte, orduan neurri berankor eta orokorrak hartzeko.

Duela hainbat hilabetetik hona galdegin ditugu egoerari aurre egiteko neurriak: osasun-sistemako lantaldeak hedatu; lehen arreta indartu; aztarnari kopuru nahikoa kontratatu; zahar-etxe eta eskola jantokietako ratioen murrizketa; lanpostuetarako segurtasun neurriak; saltoki handietako aforoaren kontrola; garraio publikoa indartu eta bidaiari kopurua kontrolatu. Hots, inbertsio publikoa gehitu beharra dago, eta honek derrigor eskatzen du zerga-politikaren aldaketa. Finean, erronka izugarri honi aurre egiteko plan bat behar dugu. Haatik, horrelakorik ez da egin eta gaur pairatzen ari gara hilkortasun tasa onartezina eta enpleguaren egoera dramatikoa.

ELA kezkatuta dago ostalaritzako enpleguaren egoeraz; hau areago okertuko da ERTEen eragina amaitu bezain pronto. Horregatik, sindikatu honek Turismo eta Merkataritza sailburuari azaldu zizkion arazoa bideratzeko hartu beharko liratekeen erabakiak, hasteko, negozioen lokaletako errentari buruz (jarduera ezinezkoa gertatzen bata alokairua jaitsi egin behar da, eta kontu hau modu orokorrean arautu). Bigarrenik, Alemaniako adibideari jarraitu behar zaio: Krisiak eta murrizketek bereziki erasandako enpresen salmentetan izandako galeraren %75eraino konpentsatzea. Bestalde, ERTEei buruz neurriak hartu behar dira langileen prestazioak eta kotizazio sozialak %100eraino osatzeko; laguntza hauek ostalaritza sektoreak aurrerago konpentsatu behar dituzte, etekinen gaineko zerga handiagoak ordainduz.

Laster neurririk hartu ezean krisi sanitario honen ondoren gizarte pobreagoa izango gara, non desberdintasun handiagoa izango den eta zatiketa sozial handia dagoen. Horregatik, ELAk dei egiten die bere militanteei eta oro har herritarrei parte har dezaten datozen aste eta hiletan izango diren mobilizazio dinamiketan. Mobilizazio soziala izan da eta izango da herritar asko eta askoren parte hartze demokratikorako bidea; hain zuzen, pandemia garaietan inoiz baino premiazkoa dena. Ez dugu onartuko mugikortasunari ezarritako mugak baliatzea antolatzeko eta gizarte justuago baten alde borrokatzeko eskubidea murritz diezaguten.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.