2020-04-30 17:04
ELAren esanetan Osasun Sailak ezin du bere kudeaketa ezkutatzen jarraitu Osasun Ministerioak bidalitako materiala dela esanez. Langileei ematen dien materialak kalitate-baldintzak betetzen dituela kontrolatu eta bermatu behar du. Joan den apirilaren 17an Garry Galaxy maskarak kentzeko agindua eman zen. Bada, gaur goizean ere arazo berriak ditugu material horrekin.

Dirudienez, Osakidetzak eta Osasun Sailak ez diote amaiera eman nahi, langileriak, COVID 19k eragindako osasun-krisia hasi zenetik, jasaten ari diren babes-material nahikorik eta egokirik ez izateari. Ez zuten egin unerik kritikoenetan, eta orain ere ez dira egiten ari, arreta-presioa murriztu bada ere.

Joan den apirilaren 17an Garry Galaxy maskarak kentzeko agindua eman zen. Bada, gaur ere arazo berriak ditugu material horrekin:

  • Basurtuko Ospitalean, eta ziurrenik beste batzuetan, Garry Galaxy maskara erretiratuen bidalketa bat jaso da berriz ere, akats baten ondorioz.
  • Osakidetzak orain arte ffp2 gisa erabiltzen ziren maskarak kentzeko agindu du. Maskara horien eraginkortasuna egiaztatu ondoren, horietako batzuek iragazketa-kalitate txikiagoa dutela ikusi da. Hala, Gurutzetako ospitaleak, besteak beste, ffp2 maskara guztiak kautelaz kentzeko agindu du, eta ffp3 maskarak bakarrik erabiliko dituzte; Basurtun, esaterako, erabil daitezkeenak aipatu dituzte, eta gainerakoak kentzeko agindu dute.

Zenbat langile gehiago gaixotu behar dira Osakidetzak lanerako material egokia eman diezaien? Osakidetzak, Osasun Sailarekin batera, bere langileen segurtasuna eta osasuna babesteko ardura dauka, eta ezin du aitzaki bezela erabili, Osasun Ministeriotik edo dohaintzetatik etorritako bidalketak direla. Langileei ematen dien materialaren kalitatea egiaztatu behar du.

ELAtik behin eta berriz salatu dugu egoera hori, eta konponbiderik ezean, auzitegietara jo behar izan dugu, eta arrazoia eman digute. Gaur egun, arreta-presioak behera egin badu ere, eta, beraz, materialaren beharrak ere behera egin badu ere, langileek arazoak izaten jarraitzen dute beren burua egoki eta behar bezala babesteko.

Osakidetzari exijitzen diogu:

  • Berehala bete dezala Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren autoa, ELAk jarritako errekurtso batean emandakoa, zeinak eskatzen baitio langileei berehala eta presaz babes-material nahikoa eta egokia emateko.
  • Osakidetzak eta Osasun Sailak kalitate-kontrola egitea babes-materiala banatu aurretik; osasun-alertaren hasieratik egon behar zuen kontrol horrek.
  • Lan-osasunak maskara akastunak erabili dituzten langileen berehalako jarraipena egitea, horiek isolatzea eta PCR bat agintzea.
  • Halaber, pertsona horiekin lan egin duten lankideen jarraipena egitea, baldin eta, azkenean, PCRa positiboa bada.
  • Erretiratutako maskarak ez erabiltzea (ezta kirurgia-maskara gisa ere) haien kalitatea egiaztatu arte.
Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.