2020-05-07 17:05
Mahai Sektorialeko gaurko bileran, ELAk Osakidetzari eskatu dio konfinamendua arintzea segurtasunez egiteko, bai langileentzat, pazienteentzat, eta herritarrentzat. Era berean, langileen lan-baldintza prekarioei behingoz heltzeko eskatu dugu; izan ere, nahiz eta langileek ahalegin handia egin eta inplikazio handia izan, zalantzarik gabe, krisi honi erantzuteko oztopo izan dira

Gure erakundeetatik herritarrei ematen ari zaien normaltasun-mezuaren beldur garela azpimarratu nahi du ELAk. "Birusa ez da desagertu,. OMEk, deseskaladan, birusa berriro agertzeko arrisku nabarmena zegoela ohartarazi zuen atzo. Ezin gara erori normaltasuna transmititzeko hasierako akatsean. Berriro agertzearen ondorioak larriak izango lirateke Osakidetzako langileentzat. Langileek jasan al dezakete, berriro ere, bizi izan duten egoera? Egoera hori oso kezkagarria izango litzateke, eta Osakidetzaren eta Osasun Sailaren erantzukizuna ere bada, deseskalada soziala eta ekonomikoa segurtasun-baldintzetan pilotatzea eta herritarrak kontzientziatzea eta informatzea".

Osakidetzaren esparruan, deseskaladak honako neurri hauek barneratu behar ditu:

  • Ezinbestekoa da langile-errefortzuei eustea, eta, beraz, ospitaleetan egindako kontratazioak mantentzea eta lehen arretako plantillak indartzea. Hemendik aurrera lehen arretari garrantzi handiagoa emango bazaio, ezinbestekoa da beharrezko giza baliabideak izatea, are gehiago egunero daukaten egoera prekarioa kontuan hartzen badugu.
  • Aldez aurretik, PCR testa egin behar zaie langile guztiei, eta aldizka errepikatu behar da. Profesionalak kutsatuta dauden ala ez jakin behar da. Oraingoz ez zaie denei egin. Era berean, paziente guztiei egin behar zaizkie PCR testak, ospitaleratu, ebakuntza egin edo proba diagnostikoa egin aurretik.
  • Bai normaltasunera itzultzeko fase honetan, bai koronabirusaren balizko gorakadaren aurrean, arreta-maila desberdinetan egon daitezkeen arriskuak baloratu behar dira eta horiek ikusita, prebentzio-neurriak eta plantillaren babes-neurriak hartu behar dira.
  • Justizia Auzitegi Nagusiaren Autoa bete behar du Osakidetzak, eta langileei babes egokia eta nahikoa eman behar zaie. Gaur egun, esaterako, BAEko postu guztietan ez dago babes-holtzarik. Eta oraindik ere arazoak daude norbera babesteko ekipamenduekin.
  • Balizko ernalketa baten aurrean, prest egon behar dugu, eta ez dugu, berriz ere, aurreikuspen-faltarik izan behar. Norbera babesteko kalitatezko ekipamendu nahiko behar dira. Ezin gara zain geratu.

Era berean, Mahai Sektorialari eskatu dio behingoz jorratu ditzala langileen lan-baldintzak, zalantzarik gabe, krisi honi erantzuteko oztopo izan baitira. "Eta lan-baldintzei buruz ari garenean, ezin gara geratu, soilik, langileek egunero pairatzen duten prekarietateari heltzen ez dioten azaleko haborokinekin: baliabide nahikoak eta egokiak behar dira osasun-zerbitzua egunero bermatzeko, eta, horretarako, langileak aintzatetsi behar dira, azken urteetan jasan dituzten murrizketak lehengoratuz, lan-baldintzak hobetuz eta enplegua sendotuz".

ELAk apirilaren 17an, aldarrikapen plataforma bat plazaratu zuen, eta gaur berriro planteatu dugu, ahalik eta lasterren jorratzeko.

Azkenik, salatu du ere Osakidetzak krisi hau kudeatzeko erabili duen informazio eta negoziazio falta. Alarma-egoerak eta osasun-alertak ez dute eten gure informazio eta negoziazio eskubidea. Baina Osakidetzak alde bakarrez kudeatu du krisia. Ia bi hilabete daramatzagu komunikabideen edo langileen bidez gauzen berri izaten. Neurri guztiak inposatu dizkigute, eta, gainera, ez digute horien berri eman ere egin. Eusko Jaurlaritzak, bere erantzukizun-eremuetan, Madrilgo Gobernuan salatzen dituen jarrera berberak ditu.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.