2018-05-09 13:19
Ildo beretik, dagozkien soldata osagarriak ordaindu ditzala ere eskatu die. Etendako deialdiei zegozkien diru-kopuruak ordaintzetik Osakidetza salbuetsi zuen epaiari ELAk helegitea jarri zion, eta ebazpenaren zain gaude orain.

ELAk galdatu dio Osakidetzari 2011n egin zituen lanbide-garapeneko deialdiak, bere kabuz etenda utzi zituenak, berehala ebazteko, eta dagozkien soldata-osagarriak ordaintzeko. Horrela, murrizketa hori lehengoratuko litzateke, eroste-ahalmenaren galera %21eraino iritsi baita.

Gogoratu beharrekoa da ELAk helegitea jarri ziola aipaturiko deialdi-etendurari. Helegite haren ondoriozko epaiaren aginduz Osakidetzak ebatzi beharko zituen etendako deialdiak, baina ez zituen ordaindu behar zorpeturiko diru-kopuruak. Horregatik ELAk apelazio-helegitea jarri zion aipaturiko epaiari, etendako deialdiei ondorio guztietarako, diru-ondorioetarako ere bai, amaiera emateko. Gaurko egunean legezko prozedura behin betiko ebazten duen epaiaren zain gaude.

Esan beharrik ez dago Osakidetzak kontzeptu horregatik langileei zor dizkien diru-kopuruak ez dizkiela oraindik ordaindu; nahiz eta lehen auzialdiko epaiak 2015az geroztik zorpeturiko diru-kopuruak ordaintzeko etendura kentzeko aukera Osakidetzari eman. Era berean, Osakidetzak ez ditu ebatzi etendako deialdiak, nahiz eta epaitegi batek behin-behingoz hartara behartu.

ELAk eskatu zion Osakidetzari lanbide-garapenaren eredua berraztertzeko, eta irtenbide bat adosteko. Hala ere, negoziazio-borondaterik ez izateagatik auzitara jo beharrez egon gara.

ELA ez dator bat oraingo lanbide-garapenaren ereduarekin, baina hala ere helegitea jarri zion etendurari, milaka pertsonaren itxaropenak zapuztu zirelakoan. Gainera, Osakidetzak soldata-eskala bikoitza sortu du; batetik, lanbide-garapenera sarbidea izan dutenak, eta kobratzen dutenak, eta bestetik, merezimendu berdinak izan arren, kobratzen ez dutenak. Osakidetzak diskriminazio onartezina sortu du.

ELAtik berriro adierazi behar dugu Osakidetzak ez duela izan batere borondaterik agertu gai hori akordio bidez konpontzeko, nahiz eta langile-kopuru oso handi bat eraginpean hartu, eta de facto diskriminaziozko egoera bat sortu, lanbide-garapenera sarbidea izan eta kobratzen dutenen eta, merezimendu berdinak izan arren, kobratzen ez dutenen artean.

ELAtik azpimarratu nahi dugu, berriz ere, Eusko Jaurlaritza oraingo EPEaz baliatzen dela kanpaina egiteko, baina aldi berean Osakidetzako enplegu-egoera eskandaluzkoa dela, eta horren ondorioz gizarteari eskaintzen zaion arretaren kalitatea gero eta prekarioagoa dela.



 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.