2021-01-21 17:10
ELAtik gaur salatu dugu Osakidetzako zuzendaritzaren aurrean, langileen txertaketan irregulartasunak izan direla, eta, era berean, eskatu dugu lantoki guztietako prozesua ikertzeko eta, emaitzen arabera, dagozkion erantzukizunak argitzeko. Halaber, txertaketa-prozesuaren inguruan dagoen opakutasunarekin amaitzeko eskatu du, eta prozesuaren egoerari buruzko informazio zehatza emateko.

Horrez gain, ESIetan martxan dagoen txertaketa-prozesuari buruzko xehetasunak helarazteko eskatu dugu: txertatutako pertsonak, zein zerbitzutakoak diren, txertaketa-datak, eta zerbitzuka egindako plangintza, lehentasun-ordena zehaztuz.

Aldi berean, Basurtuko ospitalean, gure Prebentzio Delegatuak idatziz eskatu dio Zuzendaritzari berehala argitzeko ze pertsonei eman zaien txertoa, zer datatan eta non. Agerikoa da, azken bi egunetan gertatutakoa ikusita, argitu egin behar dela zer gertatu zen txertaketarekin ospitale honetan.

Gogoratu behar dugu astearte honetan, ELA sindikatutik, Basurtuko Ospitaleko anestesia-unitateko langileen haserrearen berri eman genuela, eta gure salaketa publiko egin genuela; izan ere, lehen txertatuen artean arduradun jakin batzuk zeuden, eta lehen lerroan dauden eta, beraz, kutsatzeko arrisku handiagoa duten langileek, berriz, txertoaren zain jarraitzen zuten, lehentasun-ordenaren aurka. Kargu horiek, protokoloaren arabera, ez zuten txertoa jaso behar momentu horretan.

ELAk behin eta berriz salatu du txertaketa-prozesuari buruzko informaziorik eza eta opakutasuna. Nahiz eta askotan informazioa eskatu, jaso ditugun datu eskasak behin txertaketa hasita jaso ditugu. Gainera, dagoeneko salatu dugu txertaketa-protokoloa ez dela gurekin negoziatu edo partekatu. Osasun Sailburuak berak esan zigun ez zeukala zertan guri informazio hori eman behar.

Gaur egun, zailtasun handiak ditugu lantokietan txertaketa-prozesuaren egoerari buruzko informazioa lortzeko, eta horrek, zalantzarik gabe, gardentasun faltaren aldeko apustuari erantzuten dio, eta azken egun hauetan ikusitako egoerak ahalbidetu eta ahalbidetzen ditu, hau da, kargu jakin batzuk beren posizioaz baliatzea ez dagozkien abantailak lortzeko.

Osakidetzako plantillaren lan onak eta inplikazioak atera du aurrera osasun-zerbitzu publikoa azken urtean bizi izan ditugun une zailetan: langileek txandak bikoiztu dituzte; atsedenaldiei eta oporrei uko egin diete; beraien osasuna arriskuan jarri dute babes-material faltagatik; kutsadura-tasa handia jasan dute, erizain baten heriotza eragin duena; lan-karga onartezinak jasan dituzte; Osakidetzak aspalditik dauzkan egiturazko arazoak ordeztu dituzte. Hori guztia egin dute eta egiten jarraitzen dute.

Zalantzarik gabe, gertatutakoa plantilla horrekiko errespeturik ezaren eta lan-baldintzak hobetzeko eta osasun-sistema publikoa indartzeko borondaterik ezaren beste adibide bat da. Kolektiboaren osasunarekiko mespretxurik handiena agerian geratu da, hori bigarren mailan geratu baita batzuen interes partikularren aurrean, eta, era berean, azken LEPan argi geratu ziren kultura eta praktika batzuen beste adibide bat da.

ELAk dei egiten die langileei datorren 28rako deitutako grebarekin bat egiteko. Greba egiteko arrazoiak soberan ditugu, eta txertaketarekin gertatutakoa beste bat da.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.