2020-10-14 11:28
ELAk behin eta berriz irekiera aurretik langileekin kontingentzia planak adostu behar dituela galdegin badio zuzendaritzari ere, biharko irekieraren aurrean ez Kabia ezta Eulenek ere ez dute planik aurkeztu, salaketak jarri ditugu Osalan eta ikuskaritzan

Ordiziako San Jose egoitza Gipuzkoako Foru Aldundiko KABIA organismo autonomoak zuzentzen du. Bertan, KABIAko 12 langilek egiten dute lan eta "EULEN Servicios Sociosanitarios" enpresako beste 55 langilek.

Pandemiaren lehen hilabeteetan, egoitza honetan 68 erabiltzaileetatik 54k positibo eman zuten eta 25 hil ziren COVID-19arekin konfirmatuak eta beste 9 konfirmatu gabe baina sintomekin. Bestalde 22 langile kutsatu ziren, horietatik 7 ospitalean ingresaturik egon ziren. Antolakuntza neurriak eta material falta salatzeko epaitegian helegitea ere sartu genuen. Ez Kabiak, ezta Eulenek ere ez zuten langileen ordezkariekin kontingentzia planik ezta informaziorik partekatu.

2020ko ekainaren 19an egoitza itxi egin zen eraikina egokia ez zela eta egin behar zituzten lanak medio. Irailaren 16an jakin genuen 23an irekitzera zihoaztela. Irekiera hau egiteko behar besteko bermerik ez zegoela ikusita, prentsaurrekoa egin genuen 21ean, non salatu genuen:

-Kabiak Ordiziako egoitza pribatizatzeko eman nahi zuen pausu berria

-Covidarekin gaixo dauden aiton-amonekin ireki nahi denez egoitza, Ordiziako eta inguruko herriak orain arteko zerbitzurik gabe gelditzen zirela

-Pandemiaren lehen hilabeteetan langileek  lanean bizitzea tokatu zitzaien egoera zela eta, kolektiboaren osasun psikologiko eta animikoa ez zela ona eta hau erreparatzeko mekanismorik ez zela jarri martxan

-Pandemia garaian langileek jasotako formakuntza oso exkaxa zela

Diputazioari pribatizazio asmoekin atzera egin eta Ordiziko herriko zerbitzu murrizketetan atzera egin zezala eskatzeaz gain, langile eta ordezkariak kontuan hartzeko eskatzen genuen.

Iraileko irekiera hau atzeratu zen eta atzo jakin genuen Urriaren 15ean ireki nahi dutela egoitza. ELAtik salatu nahi dugu, hainbat eskaera egin ondoren, oraindik Kontingentzia planik ez daukagula langileon ordezkariok, eta beraz, martxoaren 17ko 8/2020 Errege Dekretuak eta Eusko Jaurlaritzak enpresen irekieren aurrean ezarri dituen protokoloak ez direla bete.

Honen aurrean, atzo salaketa sartu genuen Ikuskaritza eta Osalanen eta hemendik aurrera eurek ezarriko dituzte irekiera honen aurrean hartu beharreko neurriak.

ELAk Diputazioari eskatzen dio lege eta protokoloak bete eta langile eta erabiltzaileen segurtasuna lehenetsi dezala egoitza ireki aurretik.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.