2020-05-27 16:45
ELAk Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordean krisiari irtenbide justua emateko proposamenak aurkeztu ditu eta Nafarroako “fiskalitate eskasa eta bidegabea” amaitzeko erreforma fiskal sakona egiteko eskatu dio Gobernuari.

ELAk Nafarroako Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordean parte hartu du. Bertan krisi honetarako hartu beharreko neurrien oinarriak ezarri nahi dituen dokumentua aurkeztu du Gobernuak. Bada, sindikatuaren hitzetan, “dokumentu generikoa da, eta bitxia da dokumentu honen zatirik zabalena Gobernuak pandemiaren hasieratik hartu dituen neurriak zerrendatzen dituen atala izatea, eta, gainera, bere burua txalotuz egitea”.

Plan honek aurkezten dituen ildoei dagokienez, azpimarragarriena da ez duela horretarako aurrekonturik aurreikusten. Horregatik, ELAk aurkeztutako proposamenetan ohartarazten da ez dela krisitik aterako fiskalitatea ukitzen ez bada eta diru-sarrera publikoak handitzen ez badira. Beharrezkoa da politika fiskala errotik aldatzea, fiskalitate bidegabearekin amaitzeko -Nafarroa da Estatu osoan Sozietateen gaineko Zergaren presio fiskala txikiagoa den lekua- eta Nafarroan dugun presio fiskalarekin amaitzeko". Europarekin parekatuz gero, Nafarroan urtean 1.640 milioi euro gehiago zirela gehitu du. 

Testuinguru horretan, ELAk salatu du Gobernuak legegintzaldi honetan egin duen neurri fiskal bakarra enpresa-ondarearen gaineko zerga ezabatzea izan dela, enpresek are zerga gutxiago ordain ditzaten. Era berean, ELAk Ogasuneko sailburuak berriki egindako adierazpenak kritikatu ditu, enpresei zergak igotzea justifikaziorik gabekotzat jotzen zuela esanez, diru-bilketaren aurreikuspena 800 milioi eurotik gorakoa izan denean.

Gogora ekarri du ere PSNk, Geroa Baik, Podemosek eta Izquierda-Ezkerrak sinatutako akordio programatikoaren izenburua `Bizikidetzaren legegintzaldi berdinzale, berritzaile eta aurrerakoi baterako akordioa´ dela. Horren aurrean, ELAk bere buruari galdetzen dio: "Non daude Gobernu honen postulatu aurrerakoiak? Non neurtzen da Gobernu bat aurrerakoia ote den bere zerga-politikan ez bada?". 

Testuinguru honetan, hainbat proposamen biltzen dituen dokumentua aurkeztu du, Koronabirusak sortutako egoerari irtenbide justua emateko. Besteak beste, gogorarazi du Sozietateen Gaineko Zergan eta Ondarearen Gaineko Zergan aldaketak eginda 900 milioi euro gehiago bilduko zirela urtean.

Sindikatuak egindako proposamen guztiak Nafarroako Gobernuaren eskumenekoak dira, eta, beraz, azpimarratu du Gobernuari dagokiola enpresei eta errenta handiei pribilegiozko tratua emateari uztea eta Nafarroako gizartearen gehiengoaren interesak defendatzen hastea.

Bestalde, ELAk egiaztatu du elkarrizketa soziala Nafarroako langileentzat onuragarria ez den tresna bat dela, partaideen finantzaketa bake sozialaren truke baino bilatzen ez duena (gogoratu behar da UGTko eta CCOOko 120 kidek osorik kobratzen zutela soldata Nafarroako Aurrekontu Orokorretatik). Horregatik, ELAk ezinbestekotzat jo du aliantza sindikal eta sozial bat eraikitzea, aktibazioan eta mobilizazioan oinarritua, egoera horri bidezko irtenbide bat bermatzeko.

Irakurri hemen ELAren proposamen osoa

 

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.