2020-10-09 14:14
ELAk Hezkuntzari eskatu dio benetako negoziazio- eta elkarrizketa-esparru orokor bat ireki dezala plangintza integralerako, irizpide komunak eta unibertsitatez kanpoko euskal hezkuntza-sistema osorako beharrezkoak diren baliabideak ezartzeko osasun-krisiaren aurrean, kolektiboki eta sektorez sektore zehaztu beharko direnak.

ELAren iritziz, urriaren 7ko bileran egindako planteamendua oso partziala izan zen, Hezkuntzako Saila alde bakarretik erabakitako eta itxitako irizpideekin joan zen, eta proposatutako neurriak eta baliabideak eraginkortasun txikikoak dira.

ELAk dagoeneko adierazi du beharrezkoa dela hezkuntza publikoko kolektiboen mahai sektorialak deitzea eta egitea, Haurreskolen negoziazio-mahaiarekin batera.

ELA ere kezkatuta dago itunpeko ikastetxeentzat egin daitezkeen planteamenduekin. ELAk jakin eta negoziatu nahi du zer plangintza duen Hezkuntza Sailak, zer irizpide eskatuko dituen eta zer baliabide zehatz jarriko dituen argi gera dadin ikastetxe horietarako baliabideak edo diru-partidak egongo badira neurri ezagun eta gardenetara bideratuko direla, langileen zein ikasleen osasuna eta hezkuntza-prozesuak bermatzeko.

Hezkuntza Sailak urriaren 7ko bileran egindako planteamenduak ez die erantzun eskaera hauei:
alde batetik, guztiz partziala izan da, ez baitira mahai gainean jarri ez plangintza integrala, ez irizpide komunak; izan ere, besteak beste, planteamendutik kanpo utzi dira Haurreskolak, Lanbide Heziketa eta itunpeko ikastetxeak. Beste aldetik, ez dira kontuan hartu sindikatuek proposatutako planteamenduak eta irizpideak, ratioen jaitsiera, besteak beste.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.