2018-03-13 18:04

Ostegun honetan, UPNk bultzatuta eta Nafarroako Gobernuak bere oniritzia emanda, Nafarroako Parlamentuan Espainiako Kongresura eramateko lege proposamen bat eztabaidatuko da. UPNk bultzaturiko proposamenak Espainiako Kongresuari eskatu nahi dio Maisu-Maistren kidegoan sartzeko Erkidego Autonomo bakoitzak atzerriko hizkuntza baten, modu berezian ingelesean, C1 ezagutza eskatzeko aukera izan dezala legez.

Eskaera honek IIP-PAIren ezarpen indiskriminatua sortzen ari den arazo larriei estalkia jartzeko nahiari erantzuten dio. Izan ere, UPNren gobernuak inolako baloraziorik egin gabe masiboki ezarri zuen euskara eta euskaldunen jazarpena helburu duen (horrela aitortu zuen Nafarroako lehendakari ohi Yolanda Barcina berak 13TVn) eta hezkuntza sistema txikitzen duen sistema hau. Ezarpen hau, ordea, egitura, prestakuntza eta baliabide nahikorik gabe egin zuen gobernuak eta ondorioz, ingelesaren ezagutza nahikorik gabeko irakasleak sartu behar izan ditu programan, ingelesaren ezagutzarik gabeko ordezkoak IIP-PAI programa duten ikastetxeetan apenas izan dute lekurik eta EPE deialdiak egiteko eta ikastetxeak antolatzeko izugarrizko arazoak sortu dira. Nafarroan ezarri den programa honek, ingelesa bestelako hezkuntza ereduetan baina hobeto ez ezagutzeaz gain, gainerako gai edo ezagutza esparruetan atzerakada izugarria eragiten die ikasleei. Hau agerian uzten dute sistema hau sakonean ebaluatu duten beste lurraldeetako esperientziek.

Orain, Nafarroako Gobernuak azken hamarkadan sortu duen arazo larri honi irtenbide eman asmoz, UPNren talde parlamentarioak maisu-maistra izateko atzerriko hizkuntzan C1 maila izateko aukera bermatu nahi du legez. Honela, enplegu publiko eskaintzetara IIP-PAI programan dauden ikastetxeetako irakasle plazak ingelesezko C1 eskakizunarekin atera ahal izateko. Honek, milaka behin-behineko langileren lanpostuak arriskuan jartzen ditu eta sistema hau betikotzea bilatzen du.

Eta hau gutxi balitz, proposamen berean jasotzen da haur hezkuntzan jardun baina titulaziorik ez duten irakasleak, haur hezkuntzako irakasle moduan gaitzeko nahikoa izatea bertan 3 urtez lan egin eta atzerriko hizkuntzan C1 titulazioa izatea. Honela, momentu honetan ingelesezko C1 titulua duten maisu-maistren gabezia gainditu asmoz.

Neurri honek ere, urteetan haur hezkuntzako titulazio espezifikoa duten eta etapa horretan esperientzia handiago duten, baina C1 titulurik ez duten, milaka behin-behineko kalean utziko lituzke.

Bere akordio programatikoan Nafarroako Gobernuak " (…) Hizkuntzen Tratamendu Integratuaren (HTI) plan berri bat diseinatu eta kurrikulumean sartzea" jaso zuen. ELAk behin eta berriro exijitu du plan berri hori diseinatu eta abian jartzea IIP-PAIren alternatiba moduan. Alabaina, lanketa hau 3 urteko atzerapenez iritsi da, jada gobernuak aberrazio pedagogikoa den IIP-PAIren aldeko apustu sendoa egin duenean.

Nafarroako Gobernuak, IIP-PAIren ebaluazio sakona egin eta atzerriko hizkuntzentzako plan berri bat egin beharrean, lotsarik gabe onartu du UPNek proposaturiko estatu osorako lege-proposamen honen tramitazioa.

Lege proposamen hau Espainiako Kongresuan onartuko balitz eta gure autonomia erkidegoetan ezarriko balitz, behin-behineko irakasleen %95 lanposturik gabe geratzeko arriskua legoke. Izan ere, gure irakasleen gehiengoak ez baitu, ezta eduki beharrik ere, C1eko ingeles maila espezialista ez den plaza baterako, are gutxiago gure erkidegoetan hizkuntza ofiziala ez den hizkuntza batean.

Gogora ekarri behar da Hezkuntza Saileko zuzendari nagusi den Roberto Perezek berak aitortzen duela, ELAri arrazoi emanez, gaur egun A eta G ereduak dituzten zentroen %85ak IIP-PAI sistema dutela, eta 3 urte barru haien irakasleen erdiak atzerritar hizkuntzan, bereziki ingelesean, C1 maila izan beharko dutela.

Hau honela, ELAk Nafarroan aldaketaren alde agertzen diren alderdiei eskatzen die, ostegunean izango den eztabaidan UPNren proposamen honen aurka ager daitezela eta ezezko botoa eman dezatela. Besterik egiteak, pedagogikoki astakeria denari babesa ematea eta urteetan hezkuntzan diharduten milaka irakasleren kaleratzea ekar dezake.

ELAk tinko jarraitzen du atzerriko hizkuntzen ikastea modu egokian landuko duen Hizkuntzen Tratamendu Integratuaren plan baten alde, hezkuntzako langile, eragile eta adituekin adostua. Oinarria bertako hizkuntzak izan behar dira ezinbestean, euskarari lehentasuna emanez. Ikasleen arteko ekitatea bermatuko duena, gehiegizko ahalegin edo diskriminazioak saihestuz. ELA atzerriko hizkuntzen ezagutza indartzearen alde dago, derrigorrezko hezkuntza amaiturikoan B1 maila bermatuz, baina hizkuntza erabat menperatzen duten irakasleekin, herri mailako komunikazio eta hedabideen hizkuntza politika plana landuz, 8-10 ikasle taldeak sortuz, ahozkotasuna lantzeko laguntzaile natiboekin, hizkuntzak indartzeko ikasle-trukeak sustatuz... Azken batean, atzerriko hizkuntzak ongien lantzen dituzten Europako herrialdeen ereduen ildoa jarraituz.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.