2018-05-11 13:18
Foru Ganberak maiatzaren 14an egingo du enpresa teknologikoak iragarritako 34 kaleratzearen aurkako adierazpena.

Loxineko enpresa batzordeak (5 ELAkide) enpresa teknologiko honen egoera azaldu du Nafarroako Parlamentuan. Jakina denez, orain dela aste batzuk 34 kontratu amaitzeko EEE aurkeztu zuen (osotara, 60 langile daude).

ELAko ordezkariek Loxineko produkzioaren garrantzia azpimarratu dute: mundu osoan beste 15 enpresek baino ez dute egiten Loxinek ekoizten duen produktua (esparru aeronautikoan). Beraz, punta-puntako enpresa teknologikoa da Loxin, eta Nafarroako Gobernuak ezin du beste aldera begiratu, baldin eta bere 4.0 Industriaren aldeko iragarritako apustua benetakoa bada.

ELAk EREaren atzean azpikontratatzeko eta, aurrerago, enpresa atzerrira (Txinara) eramateko asmoa dagoela adierazten du. Horregatik, Loxineko langileek Nafarroako Instituzioak (Nafar Gobernu eta Parlamentutik hasita) lanpostuak mantentzearen alde eta Nafarroarako aberastasuna sortzearen alde inplikatzea oso garrantzitsua ikusten dute, are gehiago hain sektore estrategikoan.

ELAk positiboki baloratzen du astelehen honetan, Parlamentuko taldeek Loxinen kaleratzeen kontrako adierazpen instituzionala onartuko dutela. Bestetik azpimarratzen du alderdi batzuk (EH Bilduk, Podemos-Ahal Duguk eta Izquierda-Eskerrak) muga eta kontrolik gabeko azpikontratazioa ahalbidetzen duen marko erregulatzailea kritikatu dutela eta diru-laguntzei ez zaiela inolako jarraipenik egiten (2008tik, Loxinek 5 milioi euro jaso ditu, Foru Gobernuak abalatutako maileguak barne).

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.