2019-12-09 10:47
ELAk Nafarroako Itunpeko Irakaskuntzaren hitzarmen bat negoziatzea aldarrikatzen du. Sindikatuaren ustez Administrazioa partaide izan behar da sektore horretako lan-baldintzak duintzeko ahaleginetan, gizartearendako zerbitzu publikoa baita.

Kontuen Ganberak frogatu berri duenez, Nafarroako ikasleen % 36ri arreta ematen dien itunpeko hezkuntzako langileen nominak gastuaren % 21 besterik ez dira (482 milioietatik 102). ELAk salatu du hori ez dela sare publikoak artatzen duen sakabanaketa eta dibertsitate handiagoaren ondorio soilik, itunpeko langileek klase gehiago ematen dituztelako eta soldata txikiagoa kobratzen dutelako ere bai, ikasle-ratio handienekin. Pagotxa bat izanik patronalarentzat eta administrazioarentzat.

Orain, 2020rako Nafarroako aurrekontuak negoziatzen ari direnez, ELAk ohartarazi nahi du itunpeko langileek ere murrizketak jasan genituela, publikoan bezala, baina ez direla berdin leheneratu: ez zaigula % 1 igo 2016an, ez dela gainditu 2012tik jasaten ari garen % 2,5eko soldata-murrizketa, eta bajak ez direla ordezkatzen publikoan bezala, DBHko lehen zikloko irakasleek 2. mailakoek baino gutxiago kobratzen baitute, 57 urterekin, 2 eskola-ordu baino ez ditu murrizten…

Horregatik guztiagatik, ELAk azpimarratu du irtenbide orokor bat eman behar zaiela sektore horretako langileei, ezin baitute hezkuntza-sistemaren eskulan merkea izaten jarraitu.Horretarako, ELAk ezinbestekoa ikusten du sindikatuen eta patronalen arteko irakaskuntza itunduko Nafarroako hitzarmen bat negoziatzea, eta gobernuari eskatzen dio prozesu hori gida dezala, enpresa pribatuekin hitzartutako beste sektore batzuekin egiten duen bezala. Administrazioa inplikatu egin behar da sektore horretako plantillak duintzeko, gizarteari zerbitzu publikoa eskaintzen baitio.

2020rako aurrekontuetan aintzat hartuak izateko punturik premiazkoenak helarazi dizkie ELAk Hezkuntzari eta Nafarroako legebiltzarreko alderdi politikoei, eta borrokan jarraituko du sektoreko plantilentzat gutxieneko baldintza duin batzuk lortu arte.

 

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.