2020-08-05 10:56
Ordu hauetan, aski dakigu Juan Carlos Borboikoa ihesi doala. Justiziari eta herriari azalpenik eman gabe doa. Justiziaren ekintza eta zergen ordainketa saihesten saiatzeko asmoz.

Bere seme Felipe Borboikoaren aholkuz doa, urte luzez bere aitaren joan-etorrien eta jardueren berri izan eta hokaera horien erantzunkidea izanik. Dakiguna, batez ere atzerriko prentsaren bidez jakin dugu eta Suitzako justiziaren ekintzak inguratu duelako. Hemen klase politiko, finantziero, enpresarial, mediatiko eta judizial jakin baten laguntza eta isiltasuna izan du.

Izan ere, arazoa ez dira errege bat edo beste, monarkia bera baizik. Erakunde antidemokratiko eta matxista, Estatu Burutza familia baten barruko oinordetzan oinarritzen dena. Horri gehitu behar zaio, Espainiar Estatuaren kasuan, diktadore faxista batek izendatu izana eta bere bortxaezintasuna aldarrikatzen duen artikulu bat jasotzen duen konstituzio batek blindatu izana.

Gaurko deialdia egin dugun erakundeok monarkia iraunarazten saiatzeko operazio hau ez dugu onartzen. Beraz, Juan Carlos Borboikoak justiziaren aurrean kontuak eman ditzan eskatzen dugu, justiziak guztiontzat berdina izan behar baitu. Eskatzen dugu, halaber, legez kanpoko komisioen bidez lapurtutako diru guztia itzul dezala, eta bere monarkian eta monarkiaren ondoren izandako usteldura guztiak argi daitezela. Eta azkenik, Borboiak behin betiko joan daitezela.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.