2019-11-12 12:34
ELAk mobilizatzeko deia egin du, “biztanleriak orokorrean, eta adinekoek bereziki, pairatzen duten etengabeko pobretzeari aurre egiteko”. Hala definitu du egoera ELAko Politika Sozialetarako arduradun Mikel Novalek, sindikatuko Azterketa Bulegoak Hego Euskal Herriko pentsioen egoera aztertzeko egindako txostenaren aurkezpenean. Luzatutako datuen arabera, Hego Euskal Herrian 682.321 pentsiodun daude, biztanleriaren %24,2, eta portzentaje hau hazten ari da. Bada, salatu duenez, azken urteetan kolektibo hau etengabe ari da erosteko ahalmena galtzen.

Azterketa Bulegoko kide Janire Landaluzek aditzera eman duenez, 2016an, Hego Euskal Herrian guztira ordaindu ziren pentsioak 10.039 milioi euro izan ziren (8.223 milioi EAEn eta 1.816,2 Nafarroan), hau da, pentsioetara BPGaren %11,1 bideratzen da (%9,4 Nafarroan eta %11,6 EAEn). "Beste modu batera esanda, biztanleriaren %24,2ari aberastasunaren %11,1 baino ez zaio iristen eta pentsioak ordaintzeko aberastasunaren zatia europako batez bestekoaren mailatik oso urrun dago", salatu du Landaluzek. 

Emakumeen egoera bereziki larria dela nabarmendu dute, gizonek baino pentsio askoz txikiagoak dituztelako. Zifrak luzatu dituzte: EAEn emakumeek batez beste 869 euroko pentsioa jasotzen dute, eta gizonek, berriz, 1.491 eurokoa. Nafarroan, aldiz, emakumeek batez beste 813 euroko pentsioa dute eta gizonek, 1.356 eurokoa.

Egoera honen aurrean, ELAk nabarmendu du ezinbestekoa dela aberastasunaren banaketari buruzko benetako eztabaidari heltzea, eta pentsioei dagokienez, ahalik eta arinen erabakitzea zein diru-sarrera maila bermatu nahi zaien pentsiodunei. Eztabaida horretan Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako gobernuak erantzukizun zuzena dutela baieztatu du Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak. "Ezin dute beste alde batera begiratu". Enplegu politiketan ardura zuzena dutela gogorarazi die, eta azpikontratazioaren ordez, kalitatezko enplegua sortzea exijitu die. Pentsioak 1.080 euro arte osatzeko ordua dela ere baieztatu du, eta ongizate sistema bermatzeko erantzukizuna dutela nabarmendu. Izan ere, Lakuntzak gogora ekarri duenez, RGI kobratzeko beharra dutenen %25 pentsiodunak dira. Egoera hau iraultzeko ELAk hainbat proposamen egin ditu. 

Lehenik eta behin, Toledoko Ituna ukatu behar dela baieztatu du ELAk; baita ere, “horretatik edota sasi- elkarrizketa sozialetik erator daitekeen erreforma eta murrizketa oro”. Pentsiodunen pobretzeak arduradun politiko argiak dituela salatu dute.

Bigarrenik, 2011 eta 2013an ezarritako murrizketak bertan behera uzteko deia egin dute: pentsio berrien zenbatekoa, erretiro adinaren atzerapena, pentsioen eguneratzea, iraunkortasun faktorea kentzea...

Hirugarrenik, kalitatezko enplegua sortzea eta soldatak KPIz gaindi igotzea exijitu dute. “Lan eta negoziazio kolektiboko erreformek enpresaburuei botere handiagoa eman diete, eta bide batez prekaritatea hedatu. Soldata kaskarren ondorioz kotizazio sozialak urriak dira”. Novalek Herri-administrazioak jarri ditu jopuntuan. “Zuzenean eragiten dute kotizazio bidezko diru-sarreren jaitsiera, arlo publikoan erosteko ahalmena murriztuz eta azpikontratazioak eta beheranzko lizitazioak ugalduz”.

Bestetik, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak Eusko Legebiltzarrean eta Nafarroako Parlamentuan aurkeztutako pobreziaren eta gizarte-bazterkeriaren aurkako HLEaren edukiak onartzea eskatu dute, Legebiltzar biek atzera bota baitzuten hori eztabaidatzeko aukera.

Gutxieneko pentsioa 1.080 euroan finkatzeko beharra ere azpimarratu dute; kopuru hau Europar Karta Sozialean ezarritako irizpideen araberakoa litzateke. Gutxieneko soldata batez besteko soldataren %60 izan beharko litzateke ELAren ustez.

Bide beretik, argi utzi dute pentsioak finantzatzeko iturri bakarra ezin direla kotizazioak izan.

Pentsioetako gastua gehitzea planteatu dute, zerga-politikaren erreformatuz eta iruzurrari jazarriz. Presio fiskalean Europar Batasuneko azken postuetan gaudela ere gogorarazi dute: HEHn 8.000 milioi euro gutxiago biltzen da europar batez besteko maila baino, eta puntan iruzur fiskalean. “Halere, errenta altuen, kapitalen eta enpresen zergak jaitsi egin dituzte”, salatu du Novalek.

Pentsio sistema publikoa indartzeko beharra azpimarratu dute, baita sistema guztia Euskal Herrian erabakitzearen premia ere.

Bitartean, gehitu dute, HEHko erakundeek diru-sarrera egokiak bermatu behar dizkiete gaurko eta etorkizuneko pentsiodunei, guztiei osatuz espainiar gobernuaren erabakiek eragindako sarreren galera eta 1.080 euroko gutxieneko pentsioa bermatuz.

Helburu guzti horiek lortzeko, ELAk argi dauka mobilizazioa beste biderik ez dagoela. Hori dela eta, Eskubide Sozialen Kartak hurrengo hilabeteetarako deitutako mobilizazioetan parte hartzeko deia egin du, 2020ko urtarrilean egingo den greba orokorra mugarri izango dutenak. Mobilizazio egutegiaren baitan, azaroaren 16rako Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan pentsiodunek deitutako manifestazioetan parte hartzera deitu du ELAk.

Irakurri txosten osoa

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.