2018-09-14 12:34
Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Josu Erkorekak, atzo, irailak 13,`Politikaren Berritze Etikoa. Kode Berriak, Praktikak eta Esperientziak´ izeneko jardunaldietan adierazi zuenez, Eusko Jaurlaritzako Goi Karguentzako Kode Etikoa EAEko Herri Administrazioetako 90.000 langileei aplikatu nahi zaie. Proposatuko den testua zehatzago ezagutzea falta delarik, ELAk irmo egingo dio aurre neurri honi, langileen adierazpen askatasuna galaraziko duelako. Erkorekaren proposamena jakin baino lehenago ere, Enplegu Publikoaren Legeari egindako alegazioetan ELAk eskatu zuen jokabide-kodea kentzea.

ELAk mobilizazioak iragarri ditu Eusko Jaurlaritzak langile publiko guztiei adierazpen askatasuna galarazi nahi diela salatzeko. Eusko Jaurlaritzaren lehentasunetako bat administrazioaren jokabidean eta Eusko Jaurlaritzaren ekintza guztietan etika bultzatzea dela aitzakia hartuta, langileek gobernuaren kontrako kritikarik egitea galarazi nahi dute, alegia, euren iritzia zentsuratu nahi du Gobernuak.

Erkorekak azaldu zuenez, asmo horren helburua da langileek hedabideetan gobernuaren posizio politikoak ez kritikatzea, Jaurlaritzako Goi Karguen Kode Etikoaren 15. artikuluaren arabera. Hau adierazpen askatasunaren aurkako eraso onartezina da, eta agerian uzten du, berriz ere, Urkulluren exekutiboak duen jarrera autoritarioa eta ez demokratikoa. Urte luzez murrizketak aplikatu ondoren, Jaurlaritzak bere jarrera are gehiago gogortu eta aplikatzen dituen politiken aurkako protesta sozial eta sindikala galarazi nahi du.

ELAk lehenago ere arbuiatu zuen Enplegu Publikoaren Legerako aurreproiektuan jaso zen jokabide-kodea (169.-171. art.), eta berau kentzeko eskatu zuen; langile publikoen askatasun zibilen aurkako eraso latz hau aditzera eman aurretik izan zen hori.

Egoera honen aurrean, ELAk mobilizazioak iragarri ditu irailaren 19rako, asteazkena, 11:00etan Lakua aurrean. 

 

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.