2019-05-17 14:12
Bizkaiko metaleko mahai negoziatzailearen hemeretzigarren bilera burutu da Lan Harremanen Kontseiluan. Bilera honetan, patronalak, sindikatuok aurkezturiko proposamenari buruzko zenbait argibide eskatu ditu, zehazki, soldata igoerei buruzko aplikazioaz soldata errealetan eta malgutasunaren aplikazioa mugatzen duen xedapenari buruzkoak. Argitu beharrekoa argitu eta gero, patronalaren eskaera, greba egunak bertan behera uztea izan da, eurek aldi berean inolako erantzunik ez dutenean ekarri gure proposamenarekiko.

Iragan ostiralean, mahai negoziatzailean gauden lau sindikatuok (ELA, LAB, CCOO eta UGTk), Bizkaiko LHK-an eta FEVEM-eko egoitzetan proposamen bateratua aurkeztu  eta bost greba eguneko deialdia erregistratu osteko lehen bilera izan da gaurkoa.

ELAtik, argiki uste dugu patronalak inolako presarik ez duela akordio batetara iristeko (hurrengo bilera  Ekainaren 3an izanen da), eroso dago egungo blokeo egoeran, non sektoreko enpresak irabaziak pilatzen ari diren testuinguru batean aurkitzen diren, noski,langilegoaren eguneroko esfortzuak sortzen duen aberastasunak ematen dizkien irabaziak izaki.

Soilik, antolakuntza eta borrokaren bitartez lortuko dugu, Bizkaiko Metalgintzako langileon lan baldintzak hobetzea, aberastasuna modu justu eta ekitatiboan banatzea eta pairatzen dugun prekarietateari aurre egitea.

Halaber, Bizkaiko industria siderometalurgikoko langilego osoari dei egiten diogu, modu irmo eta sendoan  greba egunekin bat egin eta mobilizazioetan parte hartzeko.

Lehen hitzordu garrantzitsua, Maiatzaren 23ko manifestazioa dugu. Berau, 11:30etan Bilboko Jesusen Bihotzetik abiatuko da.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.