2018-10-16 12:16
40.000 langile publiko baino gehiago dira behin-behineko kontratua dutenak EAEko administrazioan.

EAEko enplegu publikoaren egoera oso larria da. Egoera ikusirik, eta azken urtetako lanari jarraipena emanez, ELAk kanpaina bat jarriko dugu martxan 40.000 lanpostu publiko berehala kontsolidatu daitezen eskatzeko.

Hona hemen bizi dugun egoera larria islatzen duten zenbait datu:

  • Europar Batasunean langileen %20 langile publikoak dira; EAEn estu estu iristen da %12ra.

  • Ia 100.000 langile daude gurean azpikontratatuta beharrezkoak diren zerbitzu publikoak aurrera eramaten.

  • Gaur egun, 10 langiletik ia lau behin-behineko egoeran daude. Hau da 40.000 langile baino gehiago daude egoera prekarioan.

    • Osasungintzan: % 38, 15.000 langile.

    • Irakaskuntzan: %30 eta %65 artean sektorearen arabera, 11.000 langile.

    • Udaletxe eta Foru Aldundietan %35, 10.000 langiletik gora.

    • Autonoman %35etik gora, 3.000 langiletik gora.

    • EITB 30%etik gora.

Gaur egun, gure instituzioetako kontratazioen behin-behinekotasuna arazo sistematikoa da; kasu askotan iruzurrean oinarrituta egindako kontratuak dira gainera. Are gehiago, sektore publikoan behin-behinekotasuna pribatuan baino handiagoa da.

Datu hauek argi uzten dute saldu nahi diguten errealitatetik oso urrun gaudela. Lana betiko eta baldintza duinekin izango duen langile publikoaren irudia faltsua da oso. Errealitatea oso bestelakoa da, funtsean, gaur egun bizi dugun errealitateak ez dauka zerikusirik saldu nahi diguten irudi horrekin. Adibideak nonahi ditugu: euskal sektore publikoan zaintza bezalako esparrua aurkitu dezakegu, %90an pribatizatuta dagoen esparrua hain zuzen ere; ehundaka langile publiko daude behin-behineko egoeran hartzen dutenak erretiroa, izan funtzionario, laboral, edota estatutarioa; astero astero ehundaka kilometro egiten dituzten langileak aurkitu ditzakegu lanaldi partzialean eta 1.000 eurotik oso urrun geratzen diren soldaten truke lanean; urtero hamarnaka kontratu sinatzen dituzten behin-behineko langileak ditugu...

Agintariek errealitate hau ezkutatu nahi dute, lanpostu murritzeko EPE deialdiak iragarriz. Hauek partxe hutsak dira, ekintza propagandistikoak baino ez; ez dute balio behin-behinekotasunaren arazoa konpontzeko, ezta pribatizazioaren aldeko apustua eta enplegu publikoa suntzitseko dagoen erabaki estrukturala iraultzeko ere.

Egoera honen erantzule direla ere ezkutatu nahi dute. Oinarrizko arauak, defizit helburua eta gastu arauak betetzearen aitzakia hartuz (ez dugu ahaztu behar beraiekin adostutako erabakiak direla), kapitalari lan zikina egiten diote sektore publikoan negozio esparruak bilatzeko. Horretarako, eskura dituzten tresna guztiak erabiltzen dituzte: langile publikoei zilegitasuna kentzen diete, lan-baldintzak prekarizatzen dituzte, behin-behinekotasuna modu masiboan erabiltzen dute... Aski frogatuta geratu da hori Europako Auzitegiek berriki ezagutzera eman dituzten epaiekin. Froga gehiago daude. Gogoratu, aurreko astean Auzitegi Gorenak Osakidetza zigortu zuela behin-behineko kontratazioan iruzurra egiteagatik. ELAk aldez aurretik jarritako demanda bati erantzun dio epaiak. Argi dago: zerbitzu publikoak pribatizatzea beste helbururik ez dute. Ez dituzte aintzat hartzen herritarren oinarrizko beharrak (osasungintzan, hezkuntzan, dependentzian...) eta herritar horien borondatearen kontra hartzen dituzte neurri hauek.

ELAn egoera iraultzeko lanean jarraitu nahi dugu. Europako sententziak eta Auzitegi Gorenetik jasotako epaiak aldekoak izanda, argi eta garbi azalerazi nahi diegu gure agintariei ezinbestekoa dela egoera prekarioan dauden 40.000 langile publiko horiei irtenbidea ematea.

Horretarako ELAk honako proposamena helarazten du:

1.-Suntsitutako enplegua berreskuratzea eta beharrezkoak diren lanpostu berri guztiak sortzea, zerbitzu publikoen kalitatea bermatzeko beharrezkoak diren giza-baliabideak bermatuz.

2.- Enplegu publikorako eskaintza deialdi masiboak planteatzea, aurrez aipaturiko lanpostu guztiak deitzeko eta behin-behineko egoeran dauden 40.000 langile horien egoera egonkortzeko.

3.- Behin-behineko langileen egoera egonkortzeko aukera emango duten formulak adostea.

  • EAEn gaikuntza legalak ezartzea kontsolidazio bermeekin.

  • Esparruz esparru egonkortze prozesu selektiboak adostu, lan egindako urteak esperientzia eta ezagutza kontuan hartuz.

4.- Behin-behineko kontratazioaren abusuzko erabilera hau ez errepikatzeko beharrezkoak diren neurriak ezartzea eta betetzen ez dituzten instituzioei isunak eta zigorrak ezartzea.

 

 

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.