2019-06-18 12:04
ELAk dei egingo die merkataritzako patronalei lan eta familia-bizitza kontziliatzeko eskubidea eta igande eta jaiegunetako atsedenaldia errealitate izan dadin, baina ez soilik praktikan, baizik eta bermea emango diguten arauetan. Era honetan, EAE mailan Akordio Marko bat bultzatuko du merkataritzako alorrean.

Dendak igande eta jaiegunetan irekitzeari buruzko araudiak espainiar estatu guztiari eragiten dio. Aurrekontu-egonkortasuna eta lehiakortasuna sustatzeko 20/2012 Errege Dekretu-Legea, uztailaren 13koa, PPk ezarri zuen, eta irekitzeko aukera dagoen jaiegunak 16raino gehitu zituen. Gainera, autonomia erkidegoen esku uzten du kopuru hori gehitzeko edo murrizteko, baina inoiz ez urtean 10 egunetik behera. Bere garaian popularrek idatzitako araua izan zen, baina sozialisten gobernuak ere ez du aldatu.

Eusko Legebiltzarrak merkataritza arloan eskuduntza esklusiboak ditu, baina estatuko araudiak muturra sartu du haietan; haatik, Eusko Jaurlaritzak ez du haiek defenditzeko ezer egin, eta ontzat eman du, jarrera akritikoa hartuta, estatutik datorren inposizioa.

ELAk ez ditu lege horiek onartzen, merkataritzako langileei igande eta jaiegunetan zor zaien atsedenaldia kaltetzen baitu eta enpresa handien aldeko posizio oso argia adierazten duelako, herritarren sektore zabalen interesen kaltetan: dendari txikiak, kontsumitzaileak eta sektoreko langileak.

ELAk gehiengo absolutua du EAEko merkataritzan, eta aspaldidanik ari da lanean sektore honetako errealitatea estatukoarengandik bereizteko, han beste gehiengo sindikalak nagusi direlarik. Borroka honen ondorioa begibistakoa da: EAEko merkataritzan ez da lanik egiten igande eta jaiegunetan, eta langileek atseden har dezakete, baita lan- eta familia-bizitza kontziliatu ere.

Halaber, EAEko kontsumitzaile elkarteek esan izan dute ez dagoela dendak egun gehiagotan ireki beharrik. Egin diren inkestetan kontsumitzaileek deritzote astelehenetik larunbaterainoko egungo ordutegia nahikoa dela erosi nahi duen edonorentzat. Antzeko iritzia eman du ere Ikusmer euskal merkataritzaren behatokiak: Galdekatutako pertsonen %72ak ukatu egiten du dendak igande eta jaiegunetan zabaltzeko aukera.

Denda txikietako patronalek (Euskaldendak, eta duela gutxi CECOBIk) esan dute ere ez dagoela egun gehiagotan ireki beharrik, ordutegien liberalizazioak txikiei kalte egiten baitie. Denden itxierak gero eta enpresa gutxiagotan biltzen du jarduera, eta kontsumitzaileei murriztu egiten zaizkie erosteko aukerak.

Saltoki handien mesedetan denda txikiei egiten zaien kalteak lanpostu galera larria eragiten du. Madrilgo eta Valentziako kasuek agerian uzten dute liberalizazioa erabatekoa denean enplegu ugari suntsitzen dela. Gainera, saltoki handietan sortzen diren lanpostuak oso kalitate txarrekoak dira. Kasu askotan lan-baldintzak Saltoki Handien hitzarmenean edota enpresa-hitzarmenetan arautzen dira; estatu mailako akordio hauetan soldatak eta baldintzak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hitzarmen probintzialetakoak baino askoz okerragoak dira.

Gainera, merkataritzako langile gehienok emakumeak gara, eta baldintzen gainbeherak kolektibo oso feminizatu bati eragiten dio.

Horrenbestez, ELAk izatezko egoeratik araugintzara pasa nahi du. ELAk dei egingo die merkataritzako patronalei lan- eta famili-bizitza kontziliatzeko eskubidea eta igande eta jaiegunetako atsedenaldia errealitate izan dadin, baina ez soilik praktikan, baizik bermea emango diguten arauetan.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.