2019-03-12 12:43
Langileen batzarrek greba eta mobilizazioak mantentzea berretsi dute Eusko Jaurlaritzari pribatizazioa gelditu, lanpostuak kontsolidatu eta lan-baldintzak duintzea exijitzeko.

ELAk deituriko grebek behartuta, Jaurlaritzak jantoki eta sukaldeen kudeaketa guraso elkarteen esku uzteko dekretua atzeratuko duela jakinarazi zuen pasa den ostiralean, martxoak 8. Bestalde, LAB, UGT eta CCOOek Sukalde eta Garbiketako langileen arazo eta aldarrikapenei inola ere erantzuten ez zien eta azken urteetako mobilizazioak indargabetu zituen akordioa sinatu eta urtebetera, lehen aldiz gaurko deitu du gobernuak negoziazio mahaia, pasa den ostegunean ELAk enegarren aldiz eskatu ondoren.

ELAren ustez jantokiak arautzen dituen dekretua bertan behera utzi eta negoziazio mahaia deitzeko erabaki hau greba bertan behera uzteko saiakera bat besterik ez da izan. Atzo EAEko hiru lurraldeetan eginiko langileen batzarretan, ordea, argi geratu zen Jaurlaritzak eginiko mugimendu honek ez dituela langileen aldarrikapenak asetzen, ez eta pribatizazioarekin amaitzen ere. Eta, ondorioz, pribatizazioa gelditu, lanpostuak kontsolidatu eta lan-baldintzak duintzea exijitzeko martxoaren 13 eta 28rako ELA sindikatuak deituriko greba egunak berretsi zituzten langileek.

Horregatik, Hezkuntza Sailak gaur eguerdirako deituriko mahai negoziatzailean ELA sindikatuak hainbat aldarrikapen jarriko ditu mahai gainean:

Jantoki eta sukaldeen kudeaketa eredu aldaketa: balizko eredu aldaketa batean ELArentzat beti izango dira marra gorriak langileen lanpostuak mantendu edota gehitu eta lan baldintzak mantendu edota hobetzea. Beraz, eztabaidarekin jarraitu aurretik Jaurlaritzari konpromiso hau idatziz jartzea exijituko diogu. Bestetik, honen inguruan eman den gardentasunik gabeko prozesua salatuko dugu eta hemendik aurrerako prozesua gardena eta sindikatu guztion parte-hartzearekin izatea exijituko dugu.

Pribatizazioa: jada %90ean pribatizaturik dagoen sektorearen biziraupena defendatzeko neurriak exijituko dizkiogu Hezkuntza Saialari: jantoki eta sukaldeen kudeaketak publikoa izaten jarraitu behar du langileen kontrataziotik hasita eta beraz, ez gara eztabaida atzeratzearekin konformatuko, konpromisoak nahi ditugu; eskola publikoetan sukalde eta langile publikoak mantendu behar dira eta eraikin berrietan sukalde eta langile publikoak bermatu; %70eko behin-behinekotasuna %6ra jaisteko kontsolidazio prozesuak berehala; sektorearen profesionalizazioa (funtzio eta kategoriak); lanpostu guztian LZn sartzea...

Kontsolidazio prozesu adostua: sektore honetako behin-behinekotasuna %70ekoa da ikasturte honetan eta ikasturtez ikasturte gorantz doa. Gainera, langile hauetariko askok urteak daramatzate egoera prekario honetan lanean. Behin-behinekotasun tasa hau ez da kasualitatea, Jaurlaritzaren erabaki politiko baten ondorioa baizik. Izan ere badakigu zein den Jaurlaritzaren asmoa: sektorea erabat pribatizatzea eta desager araztea. Bitartean, ehunka langile modu prekario eta behin-behinekoan erabili ditu urte luzeetan zehar bere beharrak asetzeko. Beraz, behin-behinekotasuna %6ra jaisteko sindikatu guztiokin mahai negoziatzailean adostutako kontsolidazio prozesu bat exijitzen diogu Hezkuntza Saialari, urteetan zehar beren gaitasun eta profesionaltasuna gogotik demostratu duten ehunka langile hauek finkatzeko.

Murrizketak eta lan baldintzak: Azken urteetan krisia aitzakiatzat hartuta egindako murrizketei buelta eman eta sektoreko prekarietateari aurre egiteko neurriak: galdutako eros-ahalmena berreskuratu, soldata arrakalarekin amaitu, lan karga eta ratioak gutxitu eta lanpostuak gehitu, jardunaldi partzialak osatu eta LZn sartu, erretiroa aurreratu eta errazteko neurriak...

Sukalde eta Garbiketan lan egiten duten langileak Hezkuntza Sailarentzat zuzenean lan egiten duten kolektibo prekarizatuena eta feminizatuena dira, eta hau ez da kasualitatea. Martxoaren 8ko greban, Eusko Jaurlaritza eta agintean dagoen alderdiak egun hau erabili dute atxikimendu formala emanez sakoneko aldaketarik planteatu gabe. Izan ere, Jaurlaritzak emakumeon* lan eta bizi baldintzak hobetzeko tresna paregabeak dauzka eta genero diskriminazioaren aurkako borrokan eredu izatetik urrun, bere ardurapeko arloetan genero diskriminazio egoeren sortzailea da. Honen adibide garbia da hezkuntzako sukaldari eta garbitzaileen kolektiboa. Sukaldarien %88a eta garbitzaileen %91 emakumezkoak dira, behin-behinekotasuna %70ekoa da, soldata arrakala nabaria da (Eusko Jaurlaritzan, emakume eta gizonen arteko soldata arrakala %24koa da), beren lanaren balioa (funtzio eta kategoriak) ez da errekonozitzen eta sektorearen profesionalizazioari uko egiten zaio behin eta berriz (urteetan zehar emakumeoi esleitu zaizkigun eta dohainik eta errekonozimendurik gabe egin ditugun lanak dira)...

Beraz, ELA sindikatuak Eusko Jaurlaritzari exijitzen dizkio pribatizazioa gelditzeko neurriak, langileen kontsolidazioa, diskriminazioekin, murrizketekin eta lan baldintza prekarioekin amaitzea eta sektore honen aldeko apustua egitea. Gobernua horretara behartzeko sektoreko langile guztiei bihar eta martxoaren 28an greba egin eta kalera ateratzeko deia luzatzen die.

 

 

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.