2018-03-02 16:44

EAEko unibertsitatez kanpoko irakaskuntza publikoan eta Haurreskoletan gauzatutako 5 greba egunen ondoren, Eusko Jaurlaritzak pasa den Abenduko mahai negoziatzaileetan  proposamen bat jarri zuen mahai gainean. Mobilizatu diren lau sektoreetako bakoitzak dituen arazo nagusienei aurre egiteko beharrezko neurririk ez dago proposamen horietan, eta balorazio hau helarazi genion sindikatuok Jaurlaritzari bai mahaietan bertan baita Urtarrilak 11an ELA, LAB eta Steilas sindikatuok eman genuen prentsaurreko bateratu bidez ere. Mezu bera berretsi genuen pasa den Otsailaren 12an sektore guztietako grebak erregistratu genituenean. Aldi berean, 8 greba eguneko egutegi bat egin genuen publiko. Horrela:

â–  Irakasleetan: matrikulazio hazkunde, ratio igoera eta heziketa premia bereziei aurre egiteko beharrezko liratekeenak baino 1.800 irakasle gutxiagorekin ari dira lanean, %38ko behin behinekotasuna dago eta ordezkapenik ez da egiten edo astebetera egiten dira. Honen aurrean Jaurlaritzak plantila gehikuntzarik gabeko, behin behinekotasuna %31ean uzteko eta ordezkapenak lehen egunetik soilik Haur eta Lehen hezkutzan  egiteko proposamena jarri du mahai gainean.

â–  Sukalde eta garbiketan: sektorearen %90a pribatizatuta dago, eta gainerako %10a pribatizatzeko arrisku larrian, %64ko behin behinekotasuna eta 55 urtetik gorako batazbesteko adina duen plantilarekin. Geroz eta lan karga handiago eta konplexuagoak dituzte, eta sektore publikoko soldata baxuenak (hezkuntzako batazbesteko soldatak baino %35 txikiagoak). 70 langile inguruk lan iruzurreko kontratuak dituzte. Egoera honen aurrean Jaurlaritzak ez du behin behinekotasuna jaisteko neurri zehatzik plazaratu,  ez lan kargak nabarmen arintzeko neurri eraginkorrik edota sektore honetako emakumeek jasaten duten soldata arrakalari aurre egiteko proposamenik gauzatu ere.

â–  Heziketa Berezian: %58ko behin behinekotasun maila dago, plantilaren %90 osatzen duten hezkuntza laguntzaile espazialistek, hezkuntza lana egin arren, hezkuntzako batazbesteko soldatak baino %22 gutxiago kobratzen dute, ordezkoek ia urte osoa lan egin arren ez dute uda kobratzeko eskubiderik, heziketa premia bereziak dituzten ikasleak ezartzeko irizpideak asko gogortu dira, lan kargak eta lanaren konplexutasuna nabarmen hazi dira eta emakume hauetako askok 35 ordutik erabat aldentzen diren lanaldiak dituzte, 37,5 ordu edo gehiagokoak, batzutan 40,42 eta 45ekoak ere eta %20k lanaldi partziala dute. Arazo hauei buelta emateko behar adinako neurririk ez du planteatzen jaurlaritzak,  behin behinekotasuna %34an utzi eta asteko gehinezko lanaldia 37,5 ordura mugatuz soilik. Langile hauek egiten duten hezkuntza lanaren aitorpen formaletik haratago lan honen benetako aitortza albo batera uzten du.

â–  Haurreskoletan Partzuergoaren beraren etorkizuna dago jokoan hileko kuota altuen ondorioz (210 € hilean) eta azken urteetako matrikulazio beherakadaren ondorioz. Ehunka emakumek galdu dute lanpostua edo tokiz aldatuak izan dira, %41ek behin behineko kontratua dute, gehiagizko haur ratioak dituzte geletan, lan kargak nabarmen handitu dira eta hezkuntzako batazbestekoa baino %12 gutxiago kobratzen dute. Egoera hauei aurre egiteko neurririk ere ez dago mahai gainean.

Gainera gaixotasun bajak zigortzeari uzteko, langile guzti hauek azken urteetan jasan duten %8 eta %15 bitarteko  (gutxienez 17.200 € eta 41.100 € bitarteko eros ahalmen galera metatua 2010 geroztik) eros ahalmenaren galera berreskuratzeko edota erretiroa errazteko neurririk ere ez dago proposamenen baitan.

Abenduko proposamen haiekiko Jaurlaritzak ez du apenas aldaketarik egin eta gainera epe honetan Eusko Jaurlaritzak  izan duen jarrera onartezina eta  arduragabea izan da:

  • Proposamenaren inguruko balorazioa ezagutu arren eta 8 greba eguneko egutegia aurrean izanda ere, grebetara eraman gaituen egoerari aurre egiteko neurriak garatu eta proposatu ordez, egoerari buelta emateko aldarria egiten ari garenok kokatu nahi izan gintuen arazo gisa, familiak bahitzea leporatuz eta hezkuntza publikoa kaltetzea egotziz.
  • Urtarrilak 26 eta otsailak 7 bitartean eduki gehigarririk gabeko mahai sektorialak deitu zituen. Gure balorazio soberan ezagutu arren, abenduko proposamena baloratzeko bilera gisa planteatu zituen mahai haiek.
  • Urtarrilak 26an izan genuen Irakasleen mahai sektorialean Otsailak 14rako mahai negoziatzailea deitzeko konpromezua hartu bazuen ere, bere hitza ez bete eta gaur gaurkoz irakasleen mahai negoziatzailerik deitu gabe jarraitzen du. Gainerako sektoreei dagokionez Martxoak 1ean izan ditugun mahaietan apenas egon den aldaketarik abenduko proposamenetatik.

Urtarrilaren 11tik Matxoak 14 eta 15erako greba egunak deituta ditugula jakinda, hezkuntza publikoaren benetako arazoak ezkutatu asmoz greba eta mobilizazioa kriminalizatzeko saikera egitea,  mahai negoziatzaileak ez deitzea, ahalik eta gehien atzeratzea edota inolako edukirik gabeko mahaiak deitzeak negoziaziorako fede txarra baino ez du erakusten Jauraritzaren aldetik.

Hau honela, ELAk tamalgarri deritzo LABek Heziketa berezia, sukalde eta garbiketa eta haurreskoletan greba deialdia bertan behera utzi izana. Abenduko proposamenetatik inolako aurrerapausorik ez egonik eta urtarrilean ELA eta Steilasekin batera 8 eguneko greba deialdia egin, Otsailaren 12an deialdi horiek berretsi eta erregistratu, eta gaur, proposamenan apenas aldaketarik dagoelarik, greba deialdiak bertan behera uztea guztiz ulertezina eta langileekiko arduragabea iruditzen zaio ELAri.

ELAk, Martxoaren 14 eta 15eko greba deialdiak berresten ditu, eta Jaurlaritzak  Hezkuntza publikoak pairatzen duen egoera larriari buelta emango dioten neurririk jartzen ez duen heinean greba eta mobilizazioen bidea berresten du.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.