2018-08-17 15:42
ELAk goizean izandako Maravillas Gaztetxeko hustea salatu nahi du. Sindikatuak gaitzetsi nahi du huste hori eman den modua: alde bakarrez, elkarrizketaren bidea agortu gabe, gauez, uda erdian eta indarra erabiliz.

Horrelako jokaerak bateraezinak dira aldaketa politikoarekin, eta Iruñean iraganaldian bizi izandako egoerak ekartzen dituzte burura, 2004ean Euskal Jairen hustuea adibidez. ELAk Nafar Gobernuaren porrot bat bezala ikusten du Maravillas Gaztetxearekin egindako kudeaketa eta gogoeta egitera gonbidatzen du.

Ez dugu Nafar Gobernuaren jarrera ulertzen, interes publikoaren defentsa argudiatzen duena. Benetako defentsa hutsik dauden eraikinei erabilera soziala ematea izango litzateke. Izan ere, ezin dugu ahaztu orain dela gutxi arte hutsik zegoen eraikin horretan, berreskuratze lan handia egin dela.

ELAk autogestionatu, parte-hartzaile, herri, auzo eta bere kolektiboetara irekiak diren guneen beharra defendatzen du. Uste dugu horrelako alternatibak ezinbestekoak direla eta agintariek hauek bultzatu behar dituztela, eta ez alderantziz.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.