2022-05-10 11:50
ELAren ustez ere, inposatu nahi diren megaproiektuak ez dira alternatiba krisi ekologiko, sozial eta energetikoaren aurrean. Ez dira energetikoki eraginkorrak, horiek garatzeko energia fosil kopuru handiak bideratu behar baitira, eta ez dute energiaren kontsumorako eskubidea demokratizatzen. Inbertsoreentzat aldiz, baliabide natural publikoak eta Europatik datozen diru funtsak eskuratzeko modua dira. Hori da negozioa.

Joan den urriaren 23an manifestazioa egin zen Gasteizen, Arabar lurraldea pairatzen ari den lapurreta salatzeko: neurrigabe iristen ari zaizkigu proiektu berriak, hala nola zentral eolikoak, fotovoltaikoak, goi-tentsioko lineak, lautada zeharkatzen duen trenbide-linearen bikoizketa edo negutegi industrialak (nekazaritza intentsiboaren eredu berria direnak). Mehatxu horiek areagotu egin dira hilabete hauetan, Arabako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzaz.

Mendiak eta landa lurrak industrializatuko dituzten proiektu erraldoi horien alde agertu dira Ramiro González, Arabako Diputatu Nagusia, eta José Antonio Galera, Ingurumen Diputatua. Energia-enpresa handien eta inbertsio-funtsen mesederako soilik diren estrategiaren bi adibide aipatuko ditugu: lurralde osoan zehar banatutako zentral eolikoak edo zentral fotovoltaikoak ezartzeko plana, gaur egun landa lurra diren 1300 hektarea baino gehiago erabiltzeko asmoa duena.

EAJk azpiegitura handiak ezartzeko dituen planen aurkako jarrerak neutralizatzeko estrategia, Tapia Legea bezalako arauak onartzea da. Lege honek bertan behera uzten ditu Udalen eskumenak, Hiri Antolamenduko Plan Orokorren gainetik pasatzen delarik. Lege honen bidez, Eusko Jaurlaritzak, ingurumena babesteko eta lurraldea antolatzeko legeak alde batera utzita eta inolako aurkako jarrerarik aintzat hartu gabe, bere interesen barne dagoen edozein proiektu ezarri ahal izango du: zabortegiak, tratamendu industrialerako instalazioak, energia-zentralak, nekazaritza edo abeltzaintza intentsiboko industriak edo garraio-azpiegiturak. Proiektu horiek era subjektibo eta autoritarioan ezarri ahal izateko Interes Publiko Gorenekoak izendatuak izatea besterik ez da beharko, eta ekimen pribatuak ere halakotzat izendatu ahal izango dira. Beraz, golf-zelai bat, turismo-gune bat edo parke tematiko bat halakotzat sailkatuak izan daitezke.

Administrazio Batzarrek eta Udalek izan behar duten independentziarekiko abusu eta urraketa horren aurka gaudela adierazi nahi dugu. Jendearen beharrak kontuan hartzen dituen gobernantza eredu bat aldarrikatu nahi dugu; erabakiak era deszentralizatuan eta artatzen gaituen lurrari lotuta hartzeko aukera ematen duena; eta aberastea helburu bakarra duten enpresa handiei gure lurraldeaz jabetzea eragotziko diena. Gure erakunde publikoek proiektu erraldoi horien ezarpena bultzatzeko duten jarrera salatzen dugu, eta noski, baita boteretsuak ez garenok pairatzen dugun babesgabetasuna eta abandonua ere.

 

Hori dela eta, datorren larunbatean, maiatzaren 14an, Gasteizen, 19:00etan Bilbo plazatik abiatuko den lurraldearen aldeko manifestazioan parte hartzeko deia luzatzen dugu.

 

TAPIA LEGEARI EZ!

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.