2018-12-12 10:25
Legealdi hasieran Nafarroako partaidetza instituzionalerako organoak demokratizatzea nahi zuen ELAk. Sindikatuon partaidetza zabaldu egin da Lan Osasun arloan eta Gobernuak bertan behera utzi du ELAk zein LABek pairatzen genuen bazterketa antidemokratikoa. Hasieran erabaki batzuk hartu baziren ere, besteak beste prebentzio delegatuen formazioa hobetzeko, berehala agerian geratu zen Gobernuaren irmotasun eta erronka eza lan osasun politikak eraldatzeko. Ez dugu lortu Nafarroako Kontseilua langileen egoera hobetzeko baliagarri izatea.

ELAren ustez, Nafarroako Gobernuak gaur egun Kontseiluarekin duen helburu bakarra lan osasunerako baliotsua denaren itxurak egin ahal izatea da, praktikan organoa edukiz hustu eta Nafarroan hainbeste kalte sortu duten elkar-hartze sozial politiketan sakontzen duen bitartean. ELA ez dago prest antzezpen horretan parte hartzeko.

Azken hilabeteetan gertatutakoa erabat argigarria izan da. Uda honetan aspaldiko lan-heriotz tasa handiena jasan dugu, 12 hildako 2 hilabete eskasetan. ELAk eta LABek egoera lazgarri honi aurre egiteko proposamenak Kontseiluan landu nahi izan ditugunean, Gobernuak Mutualitateen soberakinak kudeatzeko ez-ohiko bilera deitu eta Nafarroako langileek bere kotizazioekin pilatutako dirua CCOO, UGT eta CENi diru-laguntzak ematera bideratu zuen.

Ondoren, ELAk eta LABek lan-istripuak murrizteko gure proposamenak bertan aurkeztu ditugunean, ez dugu inongo erantzunik jaso. Beste puntu batzuren artean, Nafarroako Gobernuari Lan Ikuskarien transferentzia lehentasun politiko bihurtzea eskatu genion eta, hori bideratu bitartean, inspekzio lanetarako baliabideak ezar zitzala, Europako batez-besteko ikuskari kopurua izan arte, eta Foruzainen lanean lan-osasuna lehentasun bilakatzea eskatu genion. Lan Osasuneko Ekintza Planerako aurreikusitako aurrekontua handitzea ere eskatu genuen, baina ez da halakorik egin, are gehiago, 2019ko aurrekontuetan proposamen hauek aurrera eramateko ez da baliabiderik jasotzen. Are okerrago, aldebakarrez CCOO, UGT eta CENek sinatutako azken Sektorearteko Akordioan lan osasunarekin lotutako plan batzuk garatzeko 400.000 eurotako diru-partida bat aurreikusi dute, Kontseiluan horri buruzko inongo eztabaidarik izan ez den arren. Hau da, ELAk eta LABek Kontseiluan egindako eskaerak aintzat hartzeko ez dago inongo borondaterik, eta, aitzitik, Kontseilutik kanpo CEN, UGT eta CCOOk adostutakoa finantzatzeko ez dago inongo arazorik.

Lan istripuen arrazoi nagusia prekarietatea eta enpresarien diru-gosea da; horregatik, ELAren ustez lan osasunean aurrerapausoak izango badira ezinbestekoak dira prekarietatea hedatzen ari den patronal honi aurre egiteko jarrera irmoa eta baliabideak. Nafarroako Gobernuak ez du honetarako inongo asmorik eta, horregatik, ELAk ez die zilegitasunik emango Lan Osasuneko Kontseiluko bere partaidetzarekin langileen kontrako politika hauei. Enpresei zein Gobernuari lan-osasuna hobetzeko neurri zehatzak proposatzen jarraituko dugu dagokion tokian, kalean.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.