2020-09-02 11:39
COVID-19k antzemandako kasuen gorakada handia dela eta, sindikatuak Lan Ikuskaritzari exijitu dio berehala esku hartu dezan, ertzainen osasuna bermatzeko.

ELAk salaketa jarri du Bizkaiko Lan eta Osasun Ikuskaritzan, Estefania Beltrán de Heredia buru duen Segurtasun Sailak Ertzaintzan Lan Arriskuen araudia betetzen ez duela salatzeko. Kolektiboan gertatzen ari den COVID-19 kasuen gorakadari aurre egiteko asmoz, berehala esku hartu dezala exijitu dio sindikatuak Lan Ikuskaritzari.

Salaketak zehazten duenez, abuztuaren 21ean ELA-Ertzaintzaren prebentzio-ordezkariak premiaz eskatu zuen Laneko Segurtasun eta Osasun Batzordearen bilera, COVID-19k antzemandako kasuen gorakada handia zela eta. Hala ere, sindikatuak ziurtatu du salaketa jarri den egunera arte Prebentzio Arloko Alorreko buruak ez diola bilera eskaerari erantzun ere egin, eta, beraz, ez dituela bete lan-arriskuen prebentzioari buruzko 31/95 Legea eta Ertzaintzaren akordio arautzailea bera.

ELAk uste du, halaber, indarrean dauden jarduketa-prozedurak, protokoloak eta/edo kontingentzia-planak nabarmen hobetu daitezkeela, bai edukiari dagokionez, bai betetze-mailari dagokionez, eta hala erakusten dute azken egunetan kolektiboaren artean erregistratutako kasu positibo ugariek. Hori dela eta, plan horiek berehala berrikusteko eskatu dute.

Gauzak horrela, Lan Ikuskaritzak berehala esku hartzeko eskatu du, ertzainen osasuna eta segurtasuna bermatzeko premiaz jardun dezan.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.