2019-10-29 06:24
Lesakako (Nafarroa) Zalain Transformados enpresako lan istripu larria dela eta, langileen segurtasuna bermatu eta lan-baldintzen gaineko kontrol publikoa areagotzea exijitu du sindikatuak.

ELA jakin ahal izan duenez, urriaren 24an, Zalain Transformados enpresako langile bat harrapatuta geratu eta larri zauritu zen Lesakako (Nafarroa) lantokian. Lehenik eta behin, biktima eta bere senitartekoei bere babes eta elkartasun osoa adierazi die ELAk. Era berean, istripuaren ikerketa sakona ahalik eta azkarren egin dadila eskatu du, gertatutakoaren nondik-norakoak eta ardurak argitze aldera.

Zalain Transformados enpresako egoera bereziki kezkagarria da lan-istripuei dagokienean. 2016ko irailaren 29an langile bat harrapatuta hil zen, eta geroztik ondorio larriak izan dituzten hainbat ezbehar izan dira bertan. Nafarroan, 2019ko urrian, honez gero 13 dira haien lanpostuan bizitza galdu duten pertsonak.

ELAk salatu duenez, lan-ezbeharren atzean patronalaren diru-gosea eta erakunde publikoen pasibotasuna daude. Enpresek produktibitatea eta etekin ekonomikoak lehenesten dituzte langileen lan-baldintzen kaltean, eta ondorioz, inbertsio falta, formaziorik-eza eta ez-betetzeak agertzen dira. Horren aurrean, Nafarroako Gobernuak beste aldera begiratu, eta historikoki eraginkortasunik izan ez duten elkarrizketa sozialaren-politiketan sakontzeko asmoarekin jarraitzen du.

Egoeraren larritasunaren aurrean, langileen segurtasuna bermatuko duten neurri guztiak behin betiko har ditzaten exijitu die ELAk enpresei, eta Nafarroako Gobernuari lantokietako lan-baldintzak ikuskatzera bideratutako baliabideak berehalakoan handitu ditzala.

Azkenik, enpresa batzordeak bultzatutako ekinbideekin bat egiten du ELAk, eta azken lan-istripu honengatik deitu ditzakeen mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatu die langileei.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.