2019-09-16 07:25
Kasedako lan istripu larria dela eta, langileen segurtasuna bermatu eta lan-baldintzen gaineko kontrol publikoa areagotu daitezela eskatzen du. Viscofan-eko enpresa batzordeak deitutako mobilizazioekin bat egin du ELAk, eta Kasedako lantokian egingo diren lanuzte eta elkarretaratzean parte hartu du.

Lehenik eta behin, lan-istripuaren biktma eta haien senitartekoei bere babes eta elkartasun osoa adierazi nahi die ELAk. Era berean, Nafarroako Lan Osasun Institutuari eta Lan-Ikuskaritzari gertatutakoaren ikerketa sakona ahalik eta azkarren egin dezaten eskatzen die, gertatutakoaren nondik-norakoak eta balizko ardurak argitu daitezen.

Uda partean Zangotzako eskualdean lan-istripuek gora egin izana kezkagarria da. Uztailaren 8an, Infusiones Joseneako behargin bat harrapaketagatik hil zen Irunberrin, eta abuztuaren 5an Zangotzako Smurfit Kappa paper-fabrikako beste langile bat larri zauritu zen. 2019Ko irailean, Nafarroan honez gero 9 dira haien lanpostuan bizitza galdu duten pertsonak.

Lan-ezbeharren atzean dagoena patronalaren diru-gosea eta erakunde publikoen pasibotasuna dira. Enpresek produktibitatea eta etekin ekonomikoak lehenesten dituzte langileen segurtasun baldintzen kaltean, eta ondorioz aldi-baterakotasuna, formaziorik-eza, gehiegizko lan-erritmoak eta ez-betetzeak agertzen dira. Horren aurrean, Nafarroako Gobernuak beste aldera begiratu, eta historikoki huts egin duten elkarrizketa sozialaren-politiketan sakontzen jarraitzen du.

Egoeraren larritasunaren aurrean, behin betiko langileen segurtasuna bermatuko duten neurri guztiak har ditzaten exijitzen die ELAk enpresei, eta Nafarroako Gobernuari lantokietako lan-baldintzak ikuskatzera bideratutako baliabideak berehalakoan handitu ditzala.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.