2019-10-15 15:30
Azken hilabeteko laneko bostgarren heriotzaren aurrean, enpresei irabazi ekonomikoaren gainetik langileen segurtasuna lehenetsi dezatela exijitzen die.ELAk. Nafarroako Gobernuari eskatu dio laneko ezbeharren aurka borrokatzeko ez dela elkarrizketa sozialeko mahaietan parte-hartzen duten erakundeei diru publikoa eman beharrik, baliabide horiek administrazioa indartzera bideratzea baizik, enpresen betebeharren gaineko kontrola areagotzeko.

46 urteko langile bat hil egin da Antsoainen, eraikin industrial baten egokitzapen lanetan ari zelarik 7 metroko altueratik erori ondoren. Lehenik eta behin, ELAk bere babes eta elkartasuna adierazi nahi die hildakoaren senitarteko eta lankideei, eta gertatutakoaren nondik-norakoak eta ardurak argitzeko ikerketa sakona eskatzen du. Honez gero, aurten gutxienez 14 pertsonak galdu dute bizitza haien lanpostuan Nafarroan, hauetatik bostek azken hilabetean.

ELAk berriro dio laneko ezbeharrak langileen lan eta bizi baldintzen gainetik irabazi ekonomikoak lehenesten duen enpresa-irizpideen ondorio direla. Horretarako, patronalak lan-erreformak baliatzen ditu, eta ondorioz inbertsio eta segurtasun neurri falta eta ez-betetzeak agertzen dira. Horregatik, Nafarroako langileriarentzat kriminala suertatzen ari den estrategia hau alde batera utzi eta langileen segurtasuna lehenesteko eskatzen die ELAk enpresei.

Egoeraren larritasunaren aurrean, ELAk Nafarroako Gobernuari oroitarazi nahi dio laneko ezbeharren aurka borrokatzeko ez dela elkarrizketa sozialeko mahaietan parte-hartzen duten erakundeei diru publikoa eman beharrik, baliabide horiek administrazioa indartzera bideratzea baizik, enpresen betebeharren gaineko kontrola areagotzeko. Horregatik, lan-baldintzak ikuskatzera bideratutako baliabide publikoak lehenbailehen handitu ditzala eskatzen dio, gaur egun europa mailako giza-baliabideen erdia baino ez dituztenak, hain zuzen.

Azkenik, ELAk dei egiten dio Nafar langileriari antolatu eta lan-baldintzak hobetzeko borrokatzera, horrela lan-ezbeharrak lantoki eta lan-zentruetatik desagertarazteko.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.