2020-09-30 10:47
Bilera deialdia lortzeko sindikatuek egindako mobilizazio eta ekimenak ezinbestekoak izan direla deitoratu dute. Izan ere, ziurtatu dutenez, irailaren 29an, eta betiere sindikatuek eurek bileraren deialdia egin ondoren, Hezkuntza Sailak bilera hori egiteko datak proposatu zizkien.

Datozen egunetarako EAEko Hezkuntza Sailarekin egitekoa den bilerari begira, ELA, LAB, Steilas, CCOO eta UGTk eskaera zuzena egin diote gobernuari: plangintza integrala, irizpide komunak eta egoerak eskatzen dituen baliabide gehigarriak negoziatzeko prest joatea. Lakuan egindako elkarretaratze batean, sindikatuek mahai gainean jarritako eskaerei erantzungo dieten planteamenduekin joateko eskatu diote Hezkuntzari. "Asmoetatik ekintzetara pasatzeko garaia da, premiazkoa baita neurri eraginkorrak eta horiek martxan jartzeko behar diren baliabideak ikastetxeetan lehenbailehen egotea", azpimarratu dute. Deitoratu egin dute beste behin ere Eusko Jaurlaritzak elkarrizketarako pausoak sindikatuek mobilizazioak deitu dituztenean bakarrik eman izana. Hala, gogorarazi dute bilera-deialdia lortzeko ezinbestekoak izan direla mobilizazio eta ekimen ezberdinak.

ELAk, LABek, Steilasek, CCOOk eta UGTk jarrera pasiboa leporatu diote Hezkuntza Sailari. Hala, gogorarazi dute irailaren 23an, irailaren 15eko grebaren balorazioa egin zutenean, sindikatuek Hezkuntzako berririk gabe jarraitzen zutela. Ondorioz, urriaren 2rako manifestazioen deialdia iragarri zuten. Ondoren, irailaren 28an, Jaurlaritzaren aldetik negoziatzeko bilera-deialdirik gabe jarraitzen zutela adierazi zuten, "hezkuntzako taldearen aurkezpenerako kortesiazko bileraren bat baino ez". Hori dela eta, sindikatuek beraiek deitu zuten irailaren 30erako bilera batera, behingoz eseri eta negoziatzeko.

Ziurtatu dute horri gehitu behar zaiola azken egunetan Sailak aldebakarreko erabakiak hartzen jarraitu duela, besteak beste, sukaldeko eta garbiketako langileen ordezkariekin negoziatu gabeko kontratazio prekarioak. "Sektore horietan, berriz ere inprobisazioak gidatuta, errefortzuko kontratazioak egin dira, oso eraginkortasun mugatua izango dutenak eta plangintza zehatz bati erantzuten ez diotenak, langile horien prekarizazioan sakontzen duten lau hilabeterako kontratuekin", esan dute.

Ikasturtea hasi denetik, hezkuntza-komunitatea osatzen duten eragile eta sindikatuek hainbat modutan salatu dituzte beren kezka, haserrea eta Hezkuntza Sailaren arduragabekeria eta aldebakartasuna. Ildo horretan, irailaren 15eko greban kaleak betetzeaz gain, ekimen ugari jarri dira martxan ikastetxe eta kolektiboen arazoak argitara ateratzeko; besteak beste, elkarretaratzeak, adierazpen publikoak, 'tuperradak', kaleko jantoki inprobisatuak eta zuzendaritza taldeen dimisioak irudikatzeko antzezlanak egin dituzte. Ekimen eta mobilizazio horien aurrean, Hezkuntzak bere burua behartuta ikusi du erantzunak ematera, erantzun horiek “mugatuak” izan badira ere.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.