2020-12-23 11:09
Pandemiaren ondorioz inoizko irabazi handienak dituen patronalak langileen lanaldia igande eta jaiegunetara zabaldu nahi duela salatu dute.

ELAk, LABek eta UGTk mobilizazioak iragarri dituzte Bizkaiko elikadura-hitzarmenaren alde, patronala langileen baldintzak okertzen saiatzen ari dela eta negoziazioa blokeatzen ari dela iritzita. Sindikatuek azaldu dutenez, patronalak antzinatasunaren kontzeptua aldatu nahi du, eta 'lan-denbora' gaiarekin zerikusia duen edozein gai (urteko larunbat batzuetan librantza edota lanaldia murriztea) emakumezko langileek igande eta jaiegunetan atsedenik ez hartzera baldintzatu nahi du. "Euskal Herriko merkataritza osoaren borroka historiko batekin amaitu nahi du patronalak", salatu dute.

Era berean, urte askotako borrokari esker, abenduaren 24an eta 31n 15:00etan ixtea lortu eta gero, orain 18:00etan ixtea nahi dute. "Aurreko borroketan lortutako eskubideei uko egitea nahi dute", deitoratu dute.

"Hau ez da negoziazio bat, inposaketa bat da. Ez dugu uste patronalak langileen lanaldia igande eta jaiegunetara zabaldu behar duenik pandemiaren ondorioz onura gehien izaten ari diren uneetan. Sektoreko langileen lan-baldintzak mantendu eta hobetuko dituen hitzarmena negoziatu behar dugu", azpimarratu dute.

Gauzak horrela, ELA, LAB eta UGTk kalejira egingo dute abenduaren 23an Bilboko Alde Zaharrean. Zehazki, 10:45ean hasiko da Erriberako Merkatuan.

"Elikagaien merkataritzako langileok argi daukagu gure esku daudela datozen urteetako lan-baldintzak hobetzea. Ez gara lan makina hutsak, gure lanpostuak duintzeko borrokarako prest dauden langileak gara", gaineratu dute.

 

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.