2020-11-02 13:13
Lan-mundua euskalduntzeko urrats zehatzak ematearen garrantziaz jakitun, ELA, LAB eta Kontseiluko arduradun nagusiek agerraldia egin dute Bilbon. Bertan 50 langiletik gorako enpresatan akordio interprofesional bitartez euskara-planak negoziatu beharra eskatu da. Eskaera Confebask eta CEN patronalei zuzendutakoa da, eta, gainera, Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari proposamena babestea eskatu zaie. Horretarako, Administrazioarekin zein patronalarekin bilerak egingo dira.

EAE-ko ehun enpresetatik bakarrak du garatuta euskararen erabilera normalizatzeko prozesu eta egituraren bat. Beraz, EAEn 138.000 enpresa daude euskararen erabilera normalizatzeko inolako planik edo garapenik gabe. Hamarretik bederatzi. Nafarroan are gehiago dira. %0,7k bakarrik dute euskara garatzeko prozesu edo egituraren bat.

Tamainari begiratuz gero, neurri txikiko enpresak dira gehienak. EAEn 2.000 batek gainditzen dute 50 langileen langa. Aitzitik, langile gehien pilatzen dituztenak dira: EAEko establezimenduetako langileriaren erdiak egiten du lan halako enpresaren baten. Antzeko proportzioetan dabiltza Nafarroan, kopuruz nabarmen gutxiago badira ere.

Horrek esan nahi du Hego Euskal Herriko enpresa jakin batzuek jarri beharko dituztela martxan euskara-planak, proposamena aintzat hartuz gero. Baina, gutxi izanagatik ere, irismen handia izango lukete: langileriaren erdiari eraginen lioketelako euskara-planek.

ELAren izenean idazkari nagusiak, Mitxel Lakuntzak, hartu du parte. Sindikatuen borroka langileen zapalkuntzen kontrako borroka da, eta zapalkuntza horiek dimentsio asko dituzte: genero-zapalketa, klase-zapalketa... eta baita hizkuntza-eskubideen zapalketa ere. Hala nabarmendu du Lakuntzak.

“Garbi daukagu hizkuntza-eskubideen alde egitea ere badela eskubide sozialen alde egitea. Eta, beraz, gure borroketako ildo batek ere izan behar du hizkuntzarena. Euskararena. Langileen eskubideen eta bermeen aldeko borrokan kokatzen da hizkuntza-eskubideena. Euskal Herrian langile guztiek eduki beharko lukete Euskal Herriko berezko hizkuntza ezagutzeko eta ikasteko eskubidea, lan-jarduna eta lanbidea euskaraz garatzekoa, eta lan-harremanak euskaraz burutzekoa. Kapitalismoak bultzatzen duen kultura homogenizazioari aurre egiteko modua ere badelako”.

Zentzu horretan, eta krisi honen aurrean -Geroa Euskaratik adierazpenak dioen bezala-, aldaketa-motorra izan behar dugula aitortu du ELAko idazkari nagusiak. “Horretarako egin nahi dugu proposamen hau Kontseilua eta LABekin batera, Geroa Euskaratik adierazpenetik abiatuta. Sindikatuon eta patronalaren negoziaketa esparruan Confebask-i eta CEN Nafarroako Enpresaburuen Konfederazioari proposatzen diegu 50 langiletik gorako enpresa guztietan euskara-planak garatuko direla jasotzen duen akordio interprofesionala hitzartzea”

“Uste dugu badela garaia eremu sozioekonomikoaren euskalduntzean jauzia egiteko eta, beste gai batzuetan gertatzen den bezala, gai honetan ere enpresa guztiek gizarte erantzukizunez jokatzeko. Guztiz zilegi eta egingarria delako. Jaurlaritzari zein Nafarroako Gobernuari ere babesa eman dezaten eskatzen diegu: besteak beste, plan horiek aurrera ateratzeko inbertsio ekonomikoak bideratuz. Are gehiago Jaurlaritza osatu berri den honetan, eta Nafarroako Gobernuak ‘Nafarroa Suspertu’ plana abian jarri duen unean”.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.