Zerbitzu publikoen azpikontratazioak administrazio paralelo bat sortu du Nafarroan, non milaka langilek lan egiten duten. Azpikontratazio hori sarritan negozio-hobi bilakatu da enpresa pribatuendako, baina hori tamalez zerbitzu horietako langileen lan-baldintzen kaltetan joan ohi da. Horregatik CCOOek, ELAk eta LABek zorionak eman dizkiote elkarri, Nafarroako Parlamentuan Kontratu Publikoen Legea onetsi delakotz. Izan ere, aitzinatze nabaria izan da enpresa azpikontratatuetako lan-baldintzak duintzeko bidean, eta testuan txertatu diren gizarte-arloko, ingurumeneko eta berdintasuneko klausulei esker irizpide ekonomizistak lehenesten zituen sistema azkendu da.
Hiru sindikatuen iritziz, onetsi berri den legearen alderdirik nabarienak hurrengo hauek dira: subrogazioa, gutxienezko plantilla eta lanaldia bermatu dira zerbitzuetako eta zerbitzu-emakidako kontratu guztietan, hitzarmenik aldekoenaren aplikagarritasuna ezarri da, sindikatuei eskumena aitortu zaie baldintza-orriak (pleguak) errekurritzeko, laneratze-ezaren kasuetan ordezpenak bermatu dira, eta jendeari begirako postuetan euskara-planak sustatu dira.
CCOOek, ELAk eta LABek ongi deritzogu parlamentuko izapidean egindako lanari, lege berrian aurrerapauso nabarmenak eman baitira enpresa azpikontratatuetako lan-baldintzak duintzeari dagokionez. Alde horretatik aipatu beharrekoa da Gobernuak Parlamentuari igorritako lege-proiektuan ezta subrogazioa ere ez zela bermatzen. Lege berri hori ezinezkoa izanen zen, hiru sindikatuok egin dugun behartze-indarra egin gabe.
Bertzalde, CCOO, ELA eta LAB sindikatuok administrazioak premiatzen ditugu (Nafarroako Gobernua, udalak, mankomunitateak...) hemendik goiti lizitazioak Kontratu Publikoen Legearen arabera egitera, eta enpresa azpikontratatuetako lan-baldintzak duintzeari gogotik lotzera.
Azkenik, dei egiten diegu enpresa azpikontratatuetako langileei lan-eskubideen defentsa antolatzera, hitzarmen onak lortzera, Kontratu Publikoen Legea betearaztera, eta pleguetan gutxienezko plantillen betebeharra eta lanaldi bermatuak jasotzea erdiestera.